Sorginen historia ezagutzeko jardunaldiak eginen dira aste honetan Iruñean eta Zugarramurdin

TTIPI TTAPA 2010eko azaroaren 3a

Logoroñoko prozesuaren 400. urteurrena gogoratzeko antolatu dira jardunaldiak. TTIPI TTAPA

Gustav Henningsen doktorea omenduko dute larunbatean, Logroñoko prozesuaren 400. urteurrenaren harira

1610. urtean Zugarramurdin hasitako salaketengatik sorginkeria egotzita hainbat pertsonen kontrako Logroñoko fede auto ezaguna ospatu zen. Urteurrena dela eta, Eusko Ikaskuntzak-Sociedad de Estudios Vascos Zugarramurdiko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin batera, “Akelarrea: sorgintzaren historia Pirinioetan (XIV-XVIII. mendeak) nazioarteko jardunaldiak antolatu dituzte. Azaroaren 4tik 6ra, Iruñean (Nafarroako Museoan) eta Zugarramurdin (Sorginen Museoan), hainbat adituk sorgintzaren fenomenoak erdi aroan eta aro modernoan izandako eraginaz egindako ikerketen emaitzak ezagutzera emanen dituzte.

Logroñoko fede autoaren laugarren urteurrenaren karietara, Iruñea eta Zugarramurdik historialari topaketa interesgarria eskaintzen digute Eusko Ikaskuntza- Sociedad de Estudios Vascos, Zugarramurdiko Udala eta Nafarroako Gobernuaren eskutik.

1610. urtean Zugarramurdin hasitako salaketengatik sorginkeria egotzita hainbat pertsonen kontrako Logroñoko fede auto ezaguna ospatu zen. Urteurrena dela eta, Eusko Ikaskuntzak-Sociedad de Estudios Vascos Zugarramurdiko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin batera, “Akelarrea: sorgintzaren historia Pirinioetan (XIV-XVIII. mendeak) nazioarteko jardunaldiak antolatu dituzte.

Azaroaren 4tik 6ra, Iruñean (Nafarroako Museoan) eta Zugarramurdin (Sorginen Museoan), hainbat adituk sorgintzaren fenomenoak erdi aroan eta aro modernoan izandako eraginaz egindako ikerketen emaitzak ezagutzera emanen dituzte: nolako eragina izan zuen Pirinioetako hegoaldeko zein iparraldeko herrietako gizarte harremanetan eta komunitate bizitzan; nortzuk izan ziren bere protagonistak; zeintzuk ziren sorginenganako jarrerak, eta abar.

Gustav Henningsen doktorea omentzeko modua ere izanen dira jardunaldi hauek, aro modernoko sorgintzaren ikerketan internazionalki aski ezaguna dena eta El abogado de las brujas. Brujería vasca e inquisición española. lanaren egilea. Amaiera hitzaldia Gustav Henningsen-en eskutik izanen da, “akelarre” hitzaren inguruan solasean arituko delarik.

Egitarauaren barne sorgintzarekin erlazionaturiko hainbat filmaren emanaldia aurreikusita dago ere : Häxan / La brujería a través de los tiempos. Benjamin Christensen. Danimarka, 1922 eta Akelarre. Pedro Olea. Espainia, 1984.

 

Programa

Ortzegun eta ortziraleko ekitaldiak Iruñeko Nafarroako Museoan izanen badira ere, larunbatean Zugarramurdiko Sorginen Museoan eginen dira ekitaldiak. Larunbat goizean Gustav Heningsen-i buruzko zenbait solasaldien ondotik, ikertzaileari omenaldia eginen zaio Museoan. Egun berean, 16:00etan, Museoko seilaruan herritarrek Gustav Heningsenekin berarekin kafea hartzeko aukera izanen dute, gizon jakintsu hunekin trankil solas egiteko, eta nahi diren galdemoduak egin ahal izateko.

Ondotik, 17:30ean herritarrak leizean elkartuko dira, su baten inguruan preso hartutako 31 lagun haiei oroitzapen ttiki bat egiteko. Ekitaldi huntan hainbat zugarramurdiarrek parte hartuko du, eta Zugarramurdiko txalapartariak eta Berako abesbatza ere han izanen dira.

Biharamunean be­rriz, igandean, bertze gisako oroitzapen bat ere izanen dute: 12:00etan Meza Nagusia emanen da 31 lagun haien alde. Gure kulturako usaia den bezala, bazkari-afari bat beharrezkoa da zernahi ospakizunetan. Beraz, larunbatean Azketa jatetxean afari bat antolatu da. Afari hunek 20 euro balio du, eta izena Azketan berean eman behar da ortzeguna baino lehen. Afal ondotik kantuz aritzeko aukera ere izanen da seguraski.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun