Azaroaren 7an eta 8an beteko dira 400 urte sorginen epaiketa egin zela

Koro eta Margari 2010eko urriaren 28a

Oroigarri-kandelek naturari buruzko otoitz bat eta 31 lagunen izenak daramatzate. Margari eta Koro

Ekitaldiak izanen dira azaroaren 6 eta 7ko asteburuan

KANDELAK
Salgai eman ziren 400 oroigarri-kandeletan azkenak azaroaren 6an erosi ahalko dira.

Azaroaren 7an eta 8an beteko dira juxtu-juxtu 400 urte sorgin kontuko epaiketa egin zela. Hori dela-eta, azaroaren 6 eta 7ko astehondarrerako ekitaldi batzuk antolatu dira herrian.
Larunbat goizean, adibidez, sorginkeriaren ikerketetan aditua den Gustav Heningsen ikertzaileari omenaldia eginen zaio Museoan. Egun berean, 16:00etan, Museoko seilaruan herritarrek Gustav Heningsenekin berarekin kafea hartzeko aukera izanen dute, gizon jakintsu hunekin trankil solas egiteko, eta nahi diren galdemoduak egin ahal izateko.
Ondotik, 17:30ean herritarrak leizean elkartuko dira, su baten inguruan preso hartutako 31 lagun haiei oroitzapen ttiki bat egiteko. Ekitaldi huntan hainbat herritarrek parte hartuko du, eta Zugarramurdiko txalapartariak eta Berako abesbatza ere han izanen dira.
Biharamunean berriz, igandean, bertze gisako oroitzapen bat ere izanen dute: 12:00etan Meza Nagusia emanen da 31 lagun haien alde.
Gure kulturako usaia den bezala, bazkari-afari bat beharrezkoa da zernahi ospakizunetan. Beraz, larunbatean Azketa jatetxean afari bat antolatu da. Afari hunek 20 euro balio du, eta izena Azketan berean eman behar da ortzeguna baino lehen. Afal ondotik kantuz aritzeko aukera ere izanen da seguraski.
Kandelak salgai
Urte hasieran 400 oroigarri-kandela salgai eman ziren. Kandela hauek naturari buruzko otoitz pulit bat dute sokaz lotuta, eta horiekin batera 31 lagunen izenak markatuak dituen txartel eder bat ere daramate.
Oraindik Museoan ere eros daiteke, baina azkenekoak azaroaren 6an, leizeko sarreran emanen dira salgai, 5 eurotan bakoitza. Gainera, egun horretan leizean eginen den oroitzapen ekitaldian erabiltzeko aukera ere izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun