Aitzinera segitzen dute Urdazubin Pilotaren Unibertsoa izenburupean uda honetan ere gauzatzen ari diren ekitaldiak. Urdazubiko Udalak eta Bertizko Partzuergo Turistikoak laugarren urtez antolatutako egitarauan, pilota ikuskizunekin batera, bertzelako proposamenak eskaintzen dituzte. Erraterako, igande honetan, irailaren 5ean, Urdazubiko hirugarren patata tortilla txapelketa egin zen. Lehen saria, zartagin handia, mantarra, sukaldeko oihala, 3 litro olio eta sukaldeko tresnekin betetako maletina, Itziar Galarregirentzat izan zen. Bigarren saria (zartagin ertaina, sukaldeko oihala eta 2 litro olio), Lucia Blancok eskuratu zuen eta hirugarren saria, (zartagin ttikia, sukaldeko oihala eta litro bat olio) Angel Arozarenak lortu zuen. Santi Villares alkateak eman zituen sariak.
Datorren igandean azken saioa
Pilotaren Unibertsoko azken ekitaldia irailaren 12an, igandean eginen da. 10:00etatik 13:00etara artisau feria ospatuko da. 13:00etan pilotaren txanda izanen da eta zesta-punta edo xistera, paxaka eta paleta larruzko partidak jokatuko dira. 14:00etan animaleko paellada izanen da, 25 euroren truke. Gero, Joxe Angelekin dantzaldia izanen dute.