Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiak (TSJN) arrazoia eman dio Udalari Dantxarineko saihesbidearen eta herriko sarbidearen eraikuntzaren aferan. Erabakia irmoa da eta ez du errekurtsoa jartzeko aukerarik ematen.
Gogoratu behar da saihesbideko lanen adjudikazioa zuzenean eman zelakoan eta ez lehiaketa bidez, bi bizilagunek apelazioa aurkeztu zutela. Lehen apelazioa ez zen onartu, baina berriz ere bi bizilagunek errekurtsoa aurkeztu eta arrazoia eman zien epaitegiak, kontratazio prozeduran akatsak zeudelakoan. Santiago Villares alkateak, ordea, gertatutakoaz zera azaldu zuen: «adjudikaziora hiru enpresa aurkeztu zirela zioten paperak bagenituen, baina horietako bik ez zuten azkenean parte hartu. Horregatik hirugarrenari eman genion proiektua». Hala, Udalak errekurtsoa aurkeztu zuen dokumentazio guziarekin eta orain arrazoia eman dio Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiak.
Alkateak erran duenez, «erabaki honek herritarren interes orokorra bi bizilagun horien gainetik jartzen du. Saihesbidea beraien aparkalekuaren ondotik pasatzea nahi zuten, herri guziari mesede egiten dion tokitik pasatu beharrean».