Lehenagoko zaharrekin hasi eta 40 bat urte daramazki bestetako zikiroak erretzen Martin Agirre Etxeberria zugarramurdiarrak. Egun horretan, 800 bat lagunei eman behar izaten diete jatera eta 14-15 bat lagun biltzen dira, “lehenbizikoan juntatzen gara 07:30etik lekora eta zortziak edo lentxeago, sua prestatzeko eta martxa emateko”, dio. Domingo eta Juan Alti hasi ziren zikiroa erretzen,“haiek finituak dira, gero hauen ondotik baziren bertze batzuk segitu zutenak, eta gero utzi zutenak. Denetarik badira”, adierazi digu zuamurdiarrak. Lehenago jende guttiago biltzen omen zen eta bazkaltiarren kopurua emendatzen gan zenean hasi omen zen Martin laguntzen: “Lehenago ez baitzen haundia izaten, 90 edo 100 bat lagun izaten ziren, 120-130 gehienez ere, eta lagun pare batek edo bizpahiruk egiten zuten sua, eta gero, jendea sartzen hasi zelarik, urrunagoko jendea, kanpoko jendea eta sartzen hasi zelarik, jendea exkax gelditu zen eta gazteak gaten hasi ginen laguntzera...”. Goizean goiz hasi eta 18:30-19:00 aldera finitzen badute ere, egun ederra izaten da beretzat. “Pixka bat puskak bildu eta suak itzaltzen lagundu egin behar izaten da, eta izaten dira andreak ere apuntatzen direnak, eta garbitzeko eta, lana haundia gelditzen da gero ondotik, dena kendu, bildu eta, biharamuneko behar da dena garbi utzi”, aipatu digu. Menua berdin-bedin mantentzen da, lehenik piperrada, ondotik zikiroa eta gero haragi salda, denetarik nahi haina: “Nahi duenak zer jan han pilaka izatein da, beti sobrak izaten da” erran digu. Leizeek jende gehiagorendako lekua badute ere, 800 bat lagunetan finkatua dute bazkaltiarren kopurua eta nahi duenak hartu dezake txartela: “Bai, txartelak hartu behar dira, aitzinetik ateratzen dira karrikera saltzeko, abuztuaren 8rako edo, eta soberakin gelditzen badira ostatuetan edo gazteek kontzen dituzte saltzeko; 800 bat lagun edo ematen dira, ez da gehiago hartzen, egin izan dugu lehenago, baino orain limite hori jarri dugu, sekulan denbora txarra egiten badu edo, jendeai denai behar baita barnean eman. Denbora ederrarekin jendea jartzen ahal da denean, lekua pilaka izaten da, baino sekulan suertatzen bada denbora txarra edo... hor 800 lagunekin nahikoa da. Halere, izaten da nun zer egina, eta emazteki eta andre etortzen dira piperrada prestatzera eta laguntzera...”. Zikiroa prestatzeko ez du aparteko sekreturik, baina trikimailu batzuk bai. “Material ona, haragi ona, zikiroa eta gero suak ere badu bere ixtorioa, egurrak onak baldin badire egiten da aisexeagoa, gero denborak ere manatzen du, egurra zaharra bada zikiroa alde batetik berotzen da, eta bertzetik hozten da, eta hor izaten da... trikimailu batzuk ere izaten dira”, erran digu.