Larunbatean abiatuko da Urdazubin Pilotaren Unibertsoko laugarren edizioa

Joxema Irigoien 2010eko abuztuaren 20a

Aurten paxaka, paleta larrua eta zesta punta modalitateak aukeztuko dira.

Hiru modalitate erakutsiko dira: paxaka, paleta larrua eta zesta punta

Pilotaren Unibertsoa jaialdiaren laugarren edizioa abiatuko da larunbat honetan, abuztuak 21, Urdazubiko udalak antolatuta, Nafarroako Gobernua, Bertiz Partzuergo Turistikoa eta bertze hainbat erakunderen laguntzarekin.

Horrela, bada, bihar arratsaldeko zazpi eta erdietatik aitzinera, hiru pilota modalitateren erakusketa izanen da Urdazubiko frontonean: paxaka, Ainhoa, Sara eta Baztango pilotariekin; paleta larrua, Iruñeko Oberena elkarteko jokalariekin eta zesta punta, Euskal Jai Alai enpresako jokalariekin. Modalitate bakoitzetik 30 minutuko erakustaldia dago iragarria eta, jokoan ari diren bitartean, aurkezle batek modalitate bakoitzari buruzko azalpenak emanen ditu. Eta, gainera, zesta puntako erakustaldian, apostuak egiteko aukera izanen dela iragarri dute antolatzaileek, Miamin (AEB) edo Filipinetan egin ohi duten antzera. 

Erakustaldiaren ondotik mokadu bat hartzeko aukera ere izanen dela jakitera emana dute, musikariek giroa animatzen duten bitartean.

 

Irailaren 4an eta 12an jarduera gehiago

Pilotaren erakusketaren bigarren eguna irailaren 4an izanen da, ordu eta toki berean. Ondotik, patata tortilla lehiaketan parte hartzera animatu nahi ditu Urdazubiko Udalak herritar eta bisitariak. Lehiaketaren ondotik, egin diren tortillak dastatzeko aukera eskainiko zaio jendeari.

Eta aurtengo jardunaldiei akabera emanez, irailaren 12an artisautza merkatuarekin emanen zaio hasiera egunari goizeko hamaika eta erdietan. Gero, ordu bata inguruan, pilota erakustaldia izanen dela iragarrita dago, eta egunari akabera emateko, paella jatea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun