Urdazubiko Burdinaren Eguna ospatu zen abuztuaren 7an hirugarren urtez. Historiak dioenez, duela bi mende arte, Bizkaiatik zetorren minerala portuz portu Zibururaino, eta handik, Urdazuri errekan goiti eramaten zuten Azkaineraino eta, azkenik, gurdietan Urdazubiko San Esteban baseliza ingururaino. Handik, Salbatore monastegiak zituen oletan banatzen zen, burdina lantzeko. 1641 urtean berrehun langile omen zituzten ola hauetan, kontuan hartuz Somorrostroko 10.000 kintal burdin jasotzen zituztela.
Duela hiru urte berreskuratu zuten Urdazubiko Udalak eta Bertiz Partzuergo Turistikoak ekitaldia eta Donibaneko Itsas Begia elkarteak egin zuen portuz portuko bidaia Bilbotik. Aurtengoan ez da itsas bidairik egin, baina Boniren idiek minerala garraiatu zuten Salbatore monastegi ingururaino, Javier Larralde txistulariaren eta Juan Miguel Iriarte atabalariaren laguntzaz eta mojeek urrearen truke erosi zuten, materialaren kalitatea ongi aztertu ondotik. Izaskun Goñi, Bertiz Partzuergo Turistikoko gerenteak aipatu zuenez, “jende aunitz hurbildu da, joan den urtean baino gehixeago eta besta finkatzen den neurrian, gero eta gehiago etorriko dela uste dugu”.
Heldu den urtean berriz ere itsas bidaia
Gainera, Itsas Begia Elkarteko Dominique Duguet-ek aipatu zuenez, “heldu den urtean berriz ere itsas bidaia eginen dugu. Gaineram Brokoa itsasontziak 20 urte beteko ditu eta gure elkarteak 30, beraz, ospatu beharra dugu”.
Eskulangileen lanak ikusgai izan ziren egun osoan eta Juan Ramon Corpas, Nafarroako Gobernuko Turismo eta Kultura kontseilariak Donejakue Bidearen inguruko solasaldia eskaini zuen. Ondotik, nola ez, zikiro-jatea izan zen eta arratsaldean, Golden Apple Quartet taldea aditzeko modua.