Larunbat honetan, abuztuaren 7an, Burdinaren Eguna ospatuko da hirugarren urtez Urdazubin eta egun horren egitarauaren berri eman dute abuztuaren 4an, goizean Urdazubiko monastegian egindako prentsaurrean. Ekitaldian, Santiago Villares Urdazubiko alkatea eta Izaskun Goñi, Bertizko Partzuergoko gerentea izan dira.
Urdazubiko Burdinaren Eguna, Itsas-Begia Euskal Herriko Itsas Ondarea Zaintzeko Elkartaren ekimena da eta joan den urtean, Bilbotik Brokoa txalupa handian abiatu eta portuz portu Donibane Lohizunerairo ekarri zuten. Donibanetik Urdazuri errekan goiti Azkaineraino joan zen itsasontzia eta hemendik bidez bide Urdazubiraino. Itsas zeharkaldia bi urtetik behin egitea erabaki zutenez, aurten ez da halakorik izanen, baina Urdazubira burdina idi-gurdietan ailegatuko da aurten ere eta urrezko txanponekin trukatuko dituzte.
Burdinaren Eguneko egitaraua goizeko 10:00etan hasiko da, artisautza azoka irekiko baita. 12:00etan burdin mineralez zamatuta datozen idiak helduko dira Urdazubiko monastegi ingurura. 12:30ean burdina urrezko txanponengatik trukatzeko ekitaldia eginen da. Ondotik, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Kontseilariak, Juan Ramón Corpas Mauleónek solasaldia eskainiko du. 14:00etan herri bazkaria izanen da.
Burdinaren Eguneko ekitaldiak behar bezala akitzeko, Golden Apple Quartet taldeak kontzertua eskainiko du 16:00etan. Zikirorako eta ondotik izanen den kontzerturako txartelak 30 euro gostako da eta Golden Appel Quartet-en kontzertua bakarrik aditu nahi duenak 10 euro ordaindu beharko du.
Burdinaren Eguneko egitarauaz gain, uda honetan Urdazubin eginen diren ekitaldien berri ere eman dute, baita Urdax-Urdazubi/Dantxarinearen irudi korporatibo berria.