Dantxarineko uren araztegia hobetuko dute, 1,3 milioi euro inbertituta

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 3a

Mugaz bi aldeetako hainbat agintari izan ziren ekitaldian, baita Santiago Villares Urdazubiko alkatea ere. TTIPI TTAPA

Nafarroako Gobernuak 409.500 euro jarriko ditu, Nilsa enpresa publikoaren bitartez

Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko kontseilari eta Nilsako presidente Amelia Salanuevak eta Frantziako Euskal Herri Hegoaldeko Elkargoko (CCSPB) buru Michel Hiriartek Ainhoako ur araztegia hobetzeko hitzarmen bat sinatu ekainaren 2an Urruñan. Araztegi horretan Urdazubiko Dantxarineko bentetako  hondakin urak arazten dituzte.

Obrak Nafarroako Gobernuak eta Frantziako aipatu elkargoak finantzatuko dituzte eta administrazio frantsesak eginen ditu, udazkenean hasi eta 17 hilabetean, 2011. urte bukaerara arte. 

Araztegia hobetzeko aurrekontua 1,3 milioi eurokoa da eta jarduera Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko mugez gaindiko lankidetza programa europar batean, POCTEFA programan, dago jasoa. Lankidetza programa bat denez, Europar Batasunak otsailean adostu zuen aurrekontuaren %65 jartzea, hau da, 845.000 euro. Gainerakoa (455.000 euro) Nafarroako Gobernuak eta administrazio frantsesak (CCSPB erakundeak eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak) finantzatuko dute, kutsagarri zamaren arabera: lehenak 409.500 euro jarriko ditu (%90) eta bigarrenak 45.000 euro (%10).

Nafarroak finantzaketa Toki Administrazio Departamentuari atxikita dagoen Nilsa enpresa publikoaren bitartez gauzatuko du, departamentuaren 2010eko eta 2011ko jarduera programen barrenean.

Euskal Herri Hegoaldeko Elkargoak 2006an hartu zituen bere gain Urdazubiko eta Ainhoako urak Dantxarineko auzoan tratatzeko eskumenak; eskumen horiek ordura arte Senpereko SIVOM erakundeak zeuzkan. 1993an hasi eta urtez urte, Nilsa enpresa publikoak eta SIVOMek araztegiko instalazioetan inbertsioak finantzatzeko hitzarmenak sinatu dituzte. Azken urteetan, ordea, ikusi dute instalazioak ez direla nahikoa eta zenbaitetan euri ura sartzen dela.

Urdazubiko Udalak eta Toki Administrazioko Departamentuak (Nilsaren bitartez) aipatu elkargoarekin bilerak egin dituzte eta erabaki dute araztegia goitik behera berreraikitzea, 2.500 biztanleren ura tratatzeko ahalmena emate aldera, eta mugatik gertu gantzen bidezko tratamendua egitea. 

Hitzarmena sinatzeko ekitaldira bertaratu dira, baita ere, Toki Administrazioko Departamentuko zuzendari nagusia, Pedro Pegenaute; Nilsako zuzendari gerentea, Andres Sola; Urdazubiko alkatea, Santiago Villares; eta eremuko Udaletako, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko eta Akitaniako eskualdeko ordezkariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun