“Inguru honetako moto gidariak lohian hobeki moldatzen garela kontuan"

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 29a

Argazkia (eskuinetik hasita): Xabi ETXEGARAI Lesakarra, Jose Antonio ARRIADA Arizkundarra-Nafarroako Motoziklismo Federazioko presidentea, Julen UHARTE Urdazubiarra. Utzitako argazkiak

Julen UHARTE - Espainiako Cross Country txapelduna

Espainiako Cross Country txapelketan txapeldun suertatu da aurten Julen Uharte urdazubiarra. Txapelketa honetako hiru probetatik bi irabazi zituen eta bertzean hirugarren izan zen. Arriben sortu eta Iruñean ikasia bada ere, urdazubiarra sentitzen da Julen. 28 urte ditu orain, eta motorrean ttiki-ttikitatik hasi zela aipatu digu, “aitak Endurorako afizio handia zuelako, bortz urterako edo banuen motoa eta pixkat ibiltzen nintzen. Gero utzi nuen eta pilotan ere aritu nintzen, eskuz eta 16-17 urtetan, pilota utzi nuelarik, berriz ere hasi nintzen motorrarekin, Enduron”. Herrian afizio beretsua zuen adin beretsuko lagun talde bat suertatu zen eta honela, afizio horri eutsi ahal izan diote. Erraterako, duela urte batzuk Shak Xtreme proban ere parte hartu zuen Julenek Noel Eyheragarayrekin batera. “Gaur egun ez da proba hori egiten eta muturreko proba bat zen, extremoa: bi egunez korrika, menditik oinez, Enduroko motoarekin ere ibilbide bat osatu behar zen, bizikletan, kanoan… Abenturako decathlon baten modukoa zen”.
Aurten cross countryan Espainiako txapeldun izatea lortu du Senior B mailan, lehen aldiz. “Nahiko suerte izan dugu, negu honetako eguraldi euritsuak mesede egin digu inguru honetako pilotoei, lohian hobe moldatzen garelako. Gustora ibiltzen gara terrenoa irristakorra denean, ohituta gaude, baina Espainia aldean normalean idorra izaten da eta hor gehixeago kostatzen zaigu. Idorrean erraz irabazten digun jendea gibelean uzten dugu lohia dagoenean. Aurten horrela tokatu da eta guretzat ongi”. Normalean asteburutan entrenatzen du, “gure inguru honetan, posible dugun lekuetan ibiltzen gara, zaila baitago gauza”.

Cross Countryaren barrenean ere kategoriak badaude, FullSeries eta ProSeries izenekoak. Full Seriesen barrenean beteranoak, emakumezkoak, Masters eta Senior B mailak daude. ProSeries delakoan, profesionalak eta juniorrak dira. Ezberdintasun nagusia, ProSeriesetan aitzinean ibiltzen direnak profesionalak direla, “horretaz bizi dira”. Duela bizpahiru urte ProSeries kategorian aritu zen Julen Huarte: “Hor hiru lehenbizikoetan sartzea ezinezkoa da, lan ona eginez hamar lehenbizikoetan gehienez ere. Horregatik aurten Senior B kategorian aritzea pentsatu dugu nik eta Xabi Etxegarai lesakarrak, gure mailari hobekiago egokitzen zaiolakoan eta ongi atera zaigu”. Izan ere, inguruko moto gidariak ez dira honetaz bizi, “guk motoarekin dirua galdu egiten dugu” dio Huartek, “baina gustuko afizioa dugu. Seguru asteburuero besta egitera ateratzen bazara, motoarekin haina gastatuko duzula”.

DIFERENTZIak:
Motokrosa: Salto aunitz dituen zirkuitu labur batean, itzuliko 3 minutu inguru izan dezakeena, bueltak ematea da.

Cross Country: Zirkuito ertain bati (15-20 minutu itzuliko), bueltak eman bi ordu egin arte. Denak batera ateratzen dira eta lehenbizi iristen denak irabazten du.

Enduro: Ibilaldi luzeago bati (60 bat kilometro) bizpahiru itzuli eman, eta ibilbide horren barrenean, kronometratutako zatiak izaten dira eta zati horietan erabakitzen da lasterketa, nahiz eta ibilbide osoa burutzeko ere denbora jakin bat izan.

 

“Zikiroa da bestetan gehien gustatzen zaidan ekitaldia baina moto laisterketaren bat ere gustura ekarriko nuke”.

Eta bestak hizpide hartuta, Urdazubiko Salbatore bestetan antolaketa lanetan aritzea ere egokitu zaio “azken bi urtetan juntaren barrenean nagoelako”. Herriko bestak “beti bereziak” direla dio eta larunbateko zikiroan izaten den giroa azpimarratzen du. “Adin guztietako jendea biltzen gara eta iaz 300 pertsona inguru izan ginen”. Diru aferak direla tarteko, ez da erraza izaten gauza berriak ekartzea, baina moto lasterketaren bat gustura ekarriko luke Huartek: “Duela urte batzuk eginahala egin genuen Enduro karrera bat prestatzeko, baina Ingurumen Departamentuaren baimenik ez genuen lortu, baina polita izanen zen egunen batean lortzea”. Hori bai, herriko bestak eta moto konpetizioa aldi berean suertatuz gero, motorra aukeratuko luke: “Pena emanen zidan herriko bestak uztea, baina besta noiznahi egiten ahal duzu eta moto karrerak ez dira urtean hainbertze izaten”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun