Julen Huarte urdazubiarra Espainiako txapeldun izan da motokrosean

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 11

Julen Huarte, eskuinetik hasita lehenbizikoa eta Xabi Etxegarai, ezkerretik hasita lehenbizikoa, Huelvako probaren ondotik. TTIPI TTAPA

Xabi Etxegarai lesakarra laugarren izan da

Joan den igandean burutu zen Espainiako Cross Country txapelketako hirugarren eta hondar proba Huelvako Villarrasa herrian. Urdazubiko Julen Huarte Ariztia moto gidaria nagusitu zen proba honetako senior B kategorian eta Lesakako Xabi Etxegarai Ibañez hirugarren izan zen kategoria berean.

Bi moto gidariak ilusioz beterik joan ziren azken proba honetara, Casteollí (Bartzelona) eta Guadalajaran lortutako emaitza onen ondotik. Andaluziako proban, Guadalajaran gertatu zen bezalaxe, eguraldi kaxkarra eta euritsua izan zen protagonista eta horrek lohiez eta zailtasunez bete zuen ibilbidea. Zailtasunak zailtasun, Guadalajarakoa errepikatu eta proba irabaztea lortu zuen Julen Huartek eta honela, Espainiako Cross Country txapelketa eskuratu du, senior B kategorian. Xabi Etxegarai lesakarraren lana ere ikusgarria izan zen, hainbat itzulitan lehen postuan ere ibili zen, baina azkenean meritu handiko hirugarren postua eskuratu zuen, 47 moto gidariren artean. Eskualdeko bi moto gidariak kontent zeuden, lasterketa indartsu akautu baitzuten eta arerio zuzenek ere, ibilbidea lohitua dagoenean, bi gidari hauen nagusitasuna nabarmendu zuten.

Lasterketa hasi zenetik eta 8 kilometroko zirkuituari lehen itzulia eman orduko, sailkapen burua hartu zuten Huarte eta Etxegaraik, eta abantailari eustea lortu zuten probak iraun zuen bi orduetan.

Senior B kategoriako azken sailkapenean, Julen Huarte txapeldunaren ondotik, Yannick Brugues eta Andrés Nieto sailkatu ziren eta honelaxe osatu zen podiuma. Xabi Etxegarai lesakarra hurbil gelditu zen, laugarren postuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun