Lezeen Eguna ospatuko dute igandean Sara, Urdazubi eta Zugarramurdin

TTIPI TTAPA 2010ko mar. 5a, 09:11
Lezeen Egunaren aurkezpena joan den astean egin zen Donostian. TTIPI TTAPA

"Mugarik gabeko lurpea" osatzen duten Euskal Herriko bertze bortz lezetan ere egun berezia izanen da

Zugarramurdiko Lezea, Ikaburu (Urdazubi) eta Mendukilo (Astiz-lekunberri), Nafarroan; Sarako Lezea, Lapurdin; Arrikrutz (Oñati) eta Ekainberri (Zestoa), Gipuzkoan; Pozalagua eta Kobenkoba (Karrantza), Bizkaian. Hauexek dira Atlantiar Pirineo eta Kornisa Kantabriarreko anaiartutako 8 lezeak. Igande honetan, martxoaren 7an, “Mugarik gabeko lurpea” ekimenaren bidez beraien lehen jardunaldia ospatuko dute. Horrela, aipatutako lezeek sarreran %50eko deskontua   eta bisita egiten dutenen artean  asteburuko alojamendua hiru izarreko Arantzazu Santutegia Hotelean eta 8 lezeetarako doaneko sarreren zozketan parte hartzeko aukera izanen dute.

Zugarramurdin adibidez, sorgin batek bisitariei harrera eginen die eta Lezean barrena bisita gidatu berezia eginen du, 12:00etan euskaraz eta 17:00etan gazteleraz. Honekin batera, bertze sorgin bat bisitariek zozketako txartelak sartuko dituzten saskia zaintzeaz arduratuko da.

Zugarramurditik hurbil, Saran, hainbat bisita gidatu eginen dira gazteleraz (13:15etan,15:30ean,16:45etan).

Arrikrutzen (Oñati), larunbatean, “Arrikrutz zuzen zuzenean”, non gidariak azalpen zuzenak emanen baitituen, kobaren edertasunak ikusgai. Bisita ordutegiak: 12:30etan euskaraz, 13:00etan gazteleraz.

Ekainberrin (Zestoa), bisitariak lurralde honetan bizitu ziren historiaurreko gizakien bizimoduan murgil daitezke  “Historiaurreko bizimodu eta tekniken erakustaldia”-ri esker ( goizez, 12:30etan    eta arratsaldez 16:30etan). Bertzalde, Ekainberrira hurbiltzen diren lagunak Arkume pintxoak dasta ditzakete.

Kobenkoban (Karrantza) prestatu dituzten ekitaldien barne historiaurrea ere izanen dute  mintzagai.  Martxoaren 6tik-26ra, “Emakumea Paleolitikoan” aztertuko duen bisita gidatu bereziak antolatu dira, goizez, 11:15, 12:15 eta 13:15etan  eta arratsaldez 15:30 eta 16:30etan. Martxoaren 8an, astelehena, “Emakumea paleolitikoan, historiaz harago” solasaldia izanen da.

Azkenik, Pozalaguan (Karrantza), argiztapen berrien bisiten inaugurazioari ekingo diote.

 

“Mugarik gabeko lurpea”

Duela 2 urte sortu zen “Mugarik Gabeko Lurpea” proiektua, hasieran Atlantiar Pirineo eta Kornisa Kantabriarreko anaitutako 6 kobek osatu zuten taldea eta 2009an 8 izatera heldu ziren,  Ekainberri eta Koben Kobak proiektuek honekin bat egin ondoren.  Balio historiko zein natural handiko toki hauetan, gizakiaren iraganaren arrasto garrantzitsuak mantendu dira,  eta zenbait kasutan, berauen paretek oraindik kondaira eta mitoei loturiko errito herrikoiez solasten  digute. Lurraren barrenak, ondare anitz hartzen ditu bere baitan, ondare ikusgarriak eta askotan ezezagunak, xarma handiko bazterrak, bai naturalak, bai ondare historikoak ere, ohitura eta kondairaz beterikoak......Anaiarturiko lezeen arteko “mugarik gabeko lurpea” ekimenari esker, lur azpiko ondarearen ezagutza bultzatzen da, lur azpiak eskaintzen dizkigun esperientziak aurkeztuz. Betiere, garapen jasangarri eta kalitatezkoa jarraituz eta teknologien onuren eskaintzaz baliatuz.

Honen bidez, bisitariei balio erantsia duten produktuak eskaintzeaz gain, Anaiartutako 8 lezeek beraien “egun” berezia urteko egutegiaren barne ospatzea erabaki dute

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun