Espainiako Cross Country Txapelketan fin dabiltza eskualdeko motor gidariak. Julen Uharte urdazubiarra eta Xabi Etxegarai lesakarra dira horietako bi, senior B mailan ari direnak.
Hiru probetan erabakitzen da aipatu txapelketa, eta bi dira jokatutakoak. Lehena urtarrilaren 24an egin zen Bartzelonako Castelloli herrian, eta Julen Uharte hirugarren helmugaratu zen, Xabi Etxegarai, berriz, bosgarren. Otsailaren 21ean bigarren jardunaldia jokatu zuten Guadalajaran, eta honetan urdazubiarra nagusitu zen, eta lesakarra zazpigarren gelditu zen.
Proba bakarra gelditzen da eta oraingoz sailkapenean lehena da Uharte (45 puntu), eta laugarrena Etxegarai (29 puntu). Txapelketa, beraz, igande honetan, martxoak 7, Huelvako Villarrasan erabakiko da.