Dantxarineako zeharbideko urbanizazio lanen segurtasun eta osasun estudioen proiektuaren adjudikazioa bertan behera utzi du Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiak. Zehazki, 2007ko urriaren 10eko alkatearen ebazpena utzi du baliorik gabe eta honenbertzez, arrazoia eman die salaketa jarri zuten bizilagunei. Honela, VS Ingenieria y Urbanismo SL enpresak 89.500 euro itzuli beharko lizkioke Udalari. Salaketa jarri zuten bizilagunen ustez, «gaur egungo zeharbideak ez du trafiko arazoa moldatzen, horretarako saihesbidea behar da eta gainera, autoak zona komertzial jakin batera bideratzen ditu, bertze batzuk bazterrean utziz».
Epaitegiaren erabakia garrantzitsua dela uste dute bizilagunek eta proiektua ez litzatekeela egin behar. «Nafarroako Gobernuak legez kanpoko obra bat diruz lagundu du eta orain egia atera da».
Santiago Villares alkateak prentsan aipatu duenaren arabera, «adjudikazioa alkate-ebazpen bidez eman zen eta ez plenotik pasatuta, baina legez egin zen, hiru enpresa gonbidatu genituen eta bat atera zen irabazle». Erran zuenez, orain ezin zaio enpresari dirua itzultzeko eskatu «Administrazioa legez kanpoko aberastea izanen litzatekeelako» eta bidea lehengora bueltatzeari dagokionez, «egiten ahal den eta egin behar den galdetu behar da, hobekuntza handia izan delako. Dantxarinean dauden 23 komertzioetatik 20k parte hartu dute lanetan eta kasik 600.000 euro jarri dituzte».
POLITIKOAK BISITAN
Dantxarineako zeharbidea bisitatu zuten otsailaren 17an mugaz bi aldetako hainbat agintarik. Villares alkatearekin batera, Atlantiar Pirinioko Kontseilu Orokorreko presidenteorde Jean Jacques Lasserre; Nafarroak Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako kontseilaria den Laura Alba, Herrilanetako zuzendari nagusi Jose Luis Etxebarri eta Kanboko alkatea eta Ezpeletako kontseilari orokorra den Vicent Bru izan ziren.