Dantxarineako zeharbideko urbanizazio lanen segurtasun eta osasun estudioen proiektuaren adjudikazioa bertan behera utzi du Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiak. Zehazki, 2007ko urriaren 10eko alkatearen ebazpena utzi du baliorik gabe eta arrazoi eman die salaketa jarri zuten bizilagunei. Honela, VS Ingenieria y Urbanismo SL enpresak 89.500 euro itzuli beharko lizkioke Urdazubiko Udalari. Salaketa jarri zuten bizilagunen ustez, “gaur egungo zeharbideak ez du trafiko arazoak moldatzen, horretarako saihesbidea behar da eta gainera autoak zona komertzial jakin batera bideratzen ditu, bertze batzuk bazterrean utziz”.
Nafarroako Epaitegiaren erabakia garrantzitsua dela uste dute bizilagunek eta proiektua ez litzatekeela egin behar uste dute. “Nafarroako Gobernuak legez kanpoko obra bat diruz lagundu du eta orain egia atera da”.
Santiago Villares alkateak aipatu duenaren arabera, “adjudikazioa hasiberrikeria izan zitekeen, alkate-ebazpen bidez eman baitzen eta ez plenotik pasatuta, baina legez egin zen, hiru enpresa gonbidatu genituen eta bat atera zen irabazle”. Sententzia onartu bai, baina ez duela onartzen adierazi zuen Villaresek. Alkateak erran zuenez, orai ezin zaio enpresari dirua itzultzea eskatu “Administrazioaren legez kanpoko aberastea izanen litzatekeelako” eta bidea lehengora bueltatzeari dagokionez, “egiten ahal den eta egin behar den galdetu behar da, hobekuntza handia izan delako. Dantxarinean dauden 23 komertzioetatik 20k parte hartu dute lanetan eta kasik 600.000 euro jarri dituzte”.
5,5 milioi euro Dantxarineako zeharbidea eta Urdazubirako sarbideak egiteko
Dantxarineako zeharbidea bisitatu zuten otsailaren 17an, asteazken eguerdian mugaz bi aldetako hainbat agintarik, Santiago Villares Urdazubiko alkatearekin batera. Honela, Frantziako Atlantiar Pirinioko Kontseilu Orokorreko presidente ordea, Jean Jacques Lasserre; Nafarroak Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako kontseilaria den Laura Alba; Herrilanetako zuzendari nagusia den Jose Luis Echavarri eta Kanboko alkatea eta Ezpeletako kontseilari orokorra den Vicent Bru izan dira.
Dantxarineako zeharbidea moldatzeko lanak Nafarroako Gobernuaren eta Urdazubiko Udalaren elkarlan hitzarmenaren ondorio dira. Alba kontseilariak aipatu duenez, “Errepideen III Plan Zuzentzailaren barrenean, dagoeneko eginak dauden lanen osagarri izanen diren bi obra garrantzitsu eginen dira, Dantxarineako zeharbidea eta Urdazubiko sarbideak, hain zuzen”. 5,5 milioi euroko inbertsioa eginen da eta kontseilariaren hitzetan, inguruko bizilagunen segurtasuna eta bizi-kalitatea nabarmen hobetuko da, merkataritza guneko trafikoa eta berez herrikoa dena bakarrik bereiziko baitira.