DATUA: 16 FAMILIAK agertu dute interesa ingelesa ikasteko abian paratuko den egitasmo honetan.
Eleaniztasuna lantzeko proiektu berria abiatu dute Urdazubi eta Zugarramurdiko eskoletan. Joan den urteko urrian hasi ziren asmoarekin bueltaka, eta emaitza hurrengo irailetik aitzinera ikusiko da, ikasturte berria hasten denean, alegia.
Gaur egun, bi eskoletan hiru hizkuntza lantzen dira: euskara, gaztelania eta frantsesa. Baina eleaniztasunaren proiektu honekin laugarren bat ere ikasten hasiko dira haurrak: ingelesa.
Helburu horrekin, irakasleek Idoia Mentaberrirengana jo zuten, zenbait urtez Ingalaterran eta Australian bizitua baita, eta ingelesa ederki menperatzen duelako. Idoiak gogoz hartu zuen proposamena, eta hala, heldu den irailean ingelesa erakusten hasiko da eskolako haurrei, eskola orduetatik kanpo. Horretarako, ilbeltzean berak eta bertze irakasle batek ikastaro bat egin zuten Lekarozen.
Metodologia dibertigarria
Jolas, ipuin, kantu eta eskulanen bidez ikasiko dute haurrek ingelesa, astean ordubetez. Momentuz erantzun ona hartu du, 16 familiak interesa agertu baitute. Ilbeltzaren 26an Klaustroak eta Eskola Kontseiluak lehenbiziko bilera egin zuten eta egitasmo honen alde agertu ziren.
Helduak ere ingelesez solasean
Jende heldua trebatu dadin, ingelesez mintzatzeko talde bat ere sortu da. Asteartero elkartzen dira, 16:30ean Zugarramurdiko eskolan.
Bertzalde, ingelesa ikasteko proiektua hau finkatuta, bertze hizkuntzekin hasteko asmoa ere badago, katalana, erraterako. Ikusiko da denborarekin azkenean zer egiten den.