Dantxarineako zeharbidea bisitatu dute otsailaren 17an mugaz bi aldetako agintariek

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 17a

Joan den urteko azaroan inauguratu zuten Dantxarineako zeharbidearen adjudikazioa bertan behera utzi du Nafarroako Epaitegi Nagusiak. TTIPI TTAPA

Proiektuaren adjudikazioa bertan behera utzi du Nafarroako Epaitegi Nagusiak

Dantxarineako zeharbidea bisitatu dute otsailaren 17an, asteazken eguerdian mugaz bi aldetako hainbat agintarik, Santiago Villares Urdazubiko alkatearekin batera. Honela, Frantziako Atlantiar Pirinioko Kontseilu Orokorreko presidente ordea, Jean Jacques Lasserre; Nafarroak Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako kontseilaria den Laura Alba; Herrilanetako zuzendari nagusia den Jose Luis Echavarri eta Kanboko alkatea eta Ezpeletako kontseilari orokorra den Vicent Bru izan dira.

Dantxarineako zeharbidea moldatzeko lanak Nafarroako Gobernuaren eta Urdazubiko Udalaren elkarlan hitzarmenaren ondorio dira. Alba kontseilariak aipatu duenez, “Errepideen III Plan Zuzentzailaren barrenean, dagoeneko eginak dauden lanen osagarri izanen diren bi obra garrantzitsu eginen dira, Dantxarineako zeharbidea eta Urdazubiko sarbideak, hain zuzen”. 5,5 milioi euroko inbertsioa eginen da eta kontseilariaren hitzetan, inguruko bizilagunen segurtasuna eta bizi-kalitatea nabarmen hobetuko da, merkataritza guneko trafikoa eta berez herrikoa dena bakarrik bereiziko baitira.

 

Epaitegietan

Bertze aldetik, Diario de Noticias egunkariak argitaratutakoaren arabera, Dantxarineako zeharbideko urbanizazio lanen segurtasun eta osasun estudioen proiektuaren adjudikazioa bertan behera utzi du Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiak. Zehazki, 2007ko urriaren 10eko alkatearen ebazpena utzi du baliorik gabe eta arrazoi eman die salaketa jarri zuten bizilagunei. Honela, VS Ingenieria y Urbanismo SL enpresak 89.500 euro itzuli beharko ditu. Salaketa jarri zuten bizilagunen ustez, “gaur egungo zeharbideak ez du trafiko arazoak moldatzen, horretarako saihesbidea behar da eta gainera autoak zona komertzial jakin batera bideratzen ditu, bertze batzuk bazterrean utziz”.

Nafarroako Epaitegiaren erabakia garrantzitsua dela uste dute bizilagunek eta proiektua ez litzatekeela egin behar uste dute. “Nafarroako Gobernuak legez kanpoko obra bat diruz lagundu du eta orain egia atera da”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun