2007ko urriaren 19an onartu zuen Nafarroako Gobernuak Dantxarineako zeharbidea moldatzeko hitzarmena. Lanak, berriz, apirilean hasi zituzten. Eta zazpi hilabetetako lanen ondotik, akitu dira Dantxarineako zeharbideko lanak. 3.279.486 euro kosta dira lanak eta horietatik 2.537.716 euro Nafarroako Gobernuak bideratu ditu.
Zeharbide berriko inaugurazio ofiziala azaroaren 27an egin zen eta horren harira, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea eta Laura Alba Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, Begoña Sanzberro Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria eta Amelia Salanueva Toki Administrazio departamentuko kontseilaria herrian izan ziren, Santiago Villares alkatearekin eta Bartolome Agerre Frantziako Pirinio Atlantikoetako Errepidetako diputatuarekin batera.
Aitzineko aleetan aipatu bezala, Azysa enpresak egin ditu lanak. Sei biribilgune eraiki dira guztira, eta oinezkoentzako espaloiak ere egin dira. Horrez gain, errepide bazterretan aparkatzea debekatu dute. Aduana aldetik pasatzea saihesteko, by pass delakoa eraiki da.
Trafiko haundia
Trafiko haundiko tokia da Dantxarinea. Nafarroako Gobernutik jakinarazi dutenez, bataz bertze 9.772 ibilgailu pasatzen dira egunean, eta horietatik %1,9 astunak dira.