320 lagun bildu ziren Lugaranako Kantu Zaharren Egunean

TTIPI TTAPA 2009ko abenduaren 1a

320 bazkaltiarrek ahotsak urratu zituzten kantu bakoitzean. Mahai inguruko kantuak diskako egileak ere oholtzan izan ziren kantuz. TTIPI TTAPA

Antolatzaileek Mikel Laboa omendu zuten

Euskal Kantu Zaharren Egunaren seigarren edizioa burutu zen larunbatean Urdazubiko Venta Peioko Lugarana jatetxean. 320 lagunek bete zuten jatetxea eta giro ederra izan zen egun osoan. Bertze aunitz joan ezinik gelditu zen, sarrerak aspaldian agortu zirelako. Hitzordu honetara inoiz hutsik egiten ez duten Pantxoa eta Peiok ere ezin izan zuten joan, Egunkariaren aldeko kontzertuan baitzeuden Donostian. Patxi Sainz kantariak txalo zaparrada ederra jaso zuen, lau kantu bikain eskaini ondotik. Mahai inguruko kantuak diskako kantariak ere aritu ziren abesten, oraingoan Kiko eta Karmele Gartxitorena eta Jesus Urrutia lagun zutela. Guillermo Segurola legazpiarraren txisteek ere giroa bizitu zuten.

 

Omenaldia

Antolatzaileek omenaldia eskaini nahi izan zioten 2008ko abenduaren 1ean hil zen Mikel Laboa abeslari handiari. Karmele eta Begoña bere arrebek eta Karmele ilobak lore-xorta bana jaso zuten eta azken honek, esker oneko idatzi hunkigarria irakurri zuen.
Eta berriz kantatzera! Denera 50 kantu baino gehiago abestu zirela kalkulatzen du Angel Mariezkurrenak. Urtero liburua argitaratu du egun honetarako eta dagoeneko 600 letra baino gehiago idatziak gelditu izanen dira. Aurtengorako 2.500 liburuxka argitaratu ditu. Antolatzaileak aipatu digunez, “urtero-urtero sorpresa hartzen dut izaten dugun arrakastarekin eta beti hurrengo urterako gogoekin gelditzen naiz”. Beraz, 2010ean berriz ikusiko (eta adituko) dugu elkar!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun