3,28 milioi euro gosta den Dantxarineako zeharbidea inauguratu dute ortziral eguerdian

TTIPI TTAPA 2009ko azaroaren 27a

Nafarroako Gobernuko, Pirinio Atlantikoetako eta Urdazubiko udaleko agintariak, zinta mozten. TTIPI TTAPA

Nafarroako Gobernuko Miguel Sanz presidentea eta hiru kontseilarirekin batera, Pirinio Atlantikoetako errepidetako diputatua izan dira ekitaldian

Sareen berritze, zolaberritze eta hirigintza lanen ondotik, Dantxarineako zeharbidea inauguratu dute ortziral goizean Urdazubin. Ekitaldian izan zen Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea, baita Laura Alba, Amelia Salanueva eta Begoña Sanzberro kontseilariak, Santiago Villares Urdazubiko alkatea eta Frantziako Pirinio Atlantikoetako Errepidetako  diputatua, Bartolome Aguerre. Lan hauetarako 3.279.486 euroko inbertsioa egin da eta Nafarroako Gobernuak 2.537.716 euro jarri ditu. Azysa enpresak egin ditu lanak, Urdazubiko Udalak eta Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako departamentuaren artean sinatutako hitzarmenaren ondorioz.
Proiektu honekin, zeharbidea trafikoa arautuko da eta segurtasunean eta zirkulazioan hobekuntza somatuko da, ibilgailuen harat-honata aunitz goratzen den aste hondarretan batez ere. Ibilgailuek ez ezik, oinez dabilen jendeak ere somatuko du hobekuntza.



9.772 ibilgailu egunero

Gaur egun, banaz bertze 9.772 ibilgailu ibiltzen da egunero Dantxarineako zeharbidean eta horietatik %1,9 ibilgailu astunak dira. Trafiko gehiena, Dantxarineako merkataritza gunera bideratzen da.  Lan honetan, sei biribilgune egin dira, errepideari zabalera nahikoa emanez eta oinezkoendako espaloiak eginez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun