Euskal kantak abestea gogoko dutenak ez dira urteroko hitzordurik gabe geldituko. Izan ere, Sunbillan bizi den Angel Mariezkurrena eratsundarrak aurten ere Kantu Zaharren Eguna antolatu du, seigarren urtez segidan. Azaroaren 28an izanen da, azken lau urteotan bezala, Dantxarineako Peio Bentan, Lugarana jatetxean.
Egun osoko egitaraua antolatu du: 14:00etan bazkaria eginen da, bazkalondoan kantuan ariko dira, eta 20:00etan berendu-afaria eginen da. Ondotik kantuan segituko dute. Aurten, gainera, Martikoren produktuekin osatutako bortz zare ere zozketatuko dira. 10 eurotan autobusak ere izanen dira.
Txartelak salgai
Dagoeneko txartelak salgai daude 50 eurotan Sunbillako Itturburu ostatuan, Elizondoko Antxitonean eta Dantxarineako Peio Bentako harategian. Prezio horretan, urtero argitaratzen den eta 40 kantu berri izanen dituen liburuaz gain, egun osoko ospakizuna sartua dago.