Joan den urtean Zubietan egin zen bezalaxe, aurten Urdazubin ospatu da Errotaren Eguna. Igandean hainbat bisitari ibili zen Urdazubiko errotan eta inguruetan. Izan ere, eskulangileek beraien lanak ikusgai paratu zituzten eta taloak ere baziren. Erakusketa batean, Senpere, Etxalar, Labaien, Infernuko Errota, Zubieta, Donamaria, Urdazubi, Bera, Saldias, Berro-Elizondo, Zugarramurdi, Amaiur eta Lotzabiango erroten argazkiak ikusteko modua zegoen.
Urdazubiko monastegia X. eta XI. mendeen artean eraiki zen eta bertan bizi zirenek kanalak, zubiak eta errota egin zuten, burnia landu eta aleak ehotzeko. XVIII. Mendean zaharberritu zuten errota eta geroztik, egoera onean mantendu dute Urdazubin. Goio Hualdek errotan nola lan egiten duten azaldu zuen igandean eta Peio Iriartek, herrian eta momastegian barna bisita gidatuak ere eskaini zituen.
Azkar gaztelua
Jakina da uda honetan Azkar gazteluaren aztarnen bila ibili dela Larrate arkeologia taldea. Talde honetako Iñaki Sagredok “Azkar, Nafarroako Erresumaren defentsan” solasaldia eskaini zuen igande goizean.
Ekitaldiak akaututa, Santiago Villares Urdazubiko alkateak, Errotaren Eguneko lekukoa eman zion Rafael Etxebertz, Amaiurko errotazainari. Beraz, heldu den urtean Amaiurren eginen da besta.
Arrtsaldean ere ekitaldi gehiago izan ziren. 18 lagunek Azkarrera ateraldia egin zuten eta erremonte partidak ere jokatu ziren. Uterga eta Lizaso doneztebarrek Nafarroako Komunitateko txapelketako finalerdietarako txartela eskuratu zuten.