Azkar mendiko gazteluan indusketa lanak

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 2a

Azkar mendiko gazteluan indusketa lanak ttipi-ttapa


Uda mugitua izan da Azkar mendian dagoen gazteluaren inguruan, indusketak lanak egiten aritu baitira. Gaztelu honen inguruko dokumentazio aunitzik ez zegoelako ekin zion lanari Larrate enpresak eta uztailaren 15ean hasita indusketa arkeologikoak egiten ibili da udan. Aipatu taldeak utzitako informazioa­ren arabera, artxiboko dokumentu batzuetan, 1239an Teobaldo I.a Nafarroako Erre­geak gaztelua monasterioa­ren esku utzi zuela ageri da eta urte batzuk beranduago, 1244an, Gaskoniako seneskala eta Ingalaterrako erregea Enrike III.aren konfidantzazko gizona zen Nicolas de Meulesen aginduetara zeuden soldaduek gotorleku hau suntsitu zutela. Hala, Lapurdiko mugan gerra piztu eta nafa­rrek Baiona hartu zuten. Horrez gain, sorginekin lotutako kondairaren bat ere ba omen da. Josepha de Sokoa sorginak eta bere ahizpek lehenbizikoaren senargaia gazteluan giltzapetu zutenen aurkako mendeku gisa, gaztelua erre egin zuten. Orain, bada, egindako ikerketa historiko-arkeologikoaren inguruko azalpenak emateko tenorea ailegatu da. Abuztuaren 1ean Urdazubi itsasorako bideetan izeneko hitzaldia eskaini zuten eta orain, irailaren 13an, igandearekin, egindako ikerketaren azalpenak emanen ditu Larratek herrian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun