Bizkaiako burdina Urdazubiko monastegira ailegatu zen Burdinaren Egunean

ttipi-ttapa 2009ko abu. 3a, 12:19
Salbatore monastegiko abade eta monjeek burdinaren kalitatea aztertu zuten. TTIPI TTAPA

Hemendik aitzinera bi urtetik behin eginen da itsas ibilbidea

Bizkaiako burdina ailegatu zen larunbatean Urdazubiko Salbatore monastegira, mendez mendeko ohitura bigarren urtez berreskuratuz.
Larunbat eguerdian ailegatu zen Urdazubira, Bonifacio Barberena zugarramurdiarraren idi batek eta zezen batek garraiatutako organ burdina. Ohiturari eutsiz, monastegiko abadea eta monjeak harrera egin zieten garraiolariei eta burniaren kalitatea aztertu zuten, eskua emanez prezioa adostu baino lehen.

Uztailaren 25ean abiatu zen Brokoa Bilbotik

Aipatzekoa da uztailaren 25ean abiatu zela burdina itsasoz Bilbotik Brokoa txalupa haundian eta portuz portu Donibane Lohizuneraino iritsi zen. Donibanetik, Urdazuri errekan goiti Azkaineraino joan zen itsasontzia, eta hemendik, bidez bide Urdazubiraino, Burdinaren Eguna ospatzeko.

Hurrengoa 2011n

Donibane Lohizuneko Itsas Begia elkarteak antolatzen du itsasoko ibilbidea eta hemendik aitzinera, bi urtez behin eginen dutela zehaztu zuen Dominique Duguet presidentak. Hurrengoa, berasz, 2011garren urtean eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun