Uztailaren 15etik Larrate S.L. enpresa Urdazubiko Azkar gazteluan arkeologia lanak burutzen ari da. Gaztelu honen inguruko dokumentazioa urria da, ondorioz, gotorlekuari buruzko informazio gehiago emanen duten zundaketa arkeologikoekin hasi dira. Nahia Senper, indusketa lanetan ari den beratarraren erranetan, “artxibategi desberdinetan dauden dokumentuei esker badakigu, 1239.urtean Teobaldo I Nafarroako Erregeak gaztelua monastegiaren esku utzi zuela. Urte batzuk beranduago, 1244.urtean, Gaskoniako seneskala eta Ingalaterrako Errege, Enrike III-aren, konfidantzazko gizona zen Nicolas de Meulesen aginduetara zeuden soldaduek gotorleku hau suntsitu zuten. Gertaera honen ondorioz, Lapurdiko mugan zehar gerra piztu eta nafarrek Baiona hiria hartu zute”n. Bertzalde, bada sorginekin erlazionatutako Azkarren inguruko kondaira. Honen arabera, Josepha de Sokoa sorginak eta bere ahizpek, lehenengoaren senargaia gazteluan giltzapean zutenen aurkako mendeku bezala, gaztelua erre zuten.
Azalpenak
Egun hauetan bertara gerturatzen den orori, Azkarren dauden arkeologoek buruturiko lanaren inguruko azalpenak emanen dizkiete. Behin lanak bukatuta, bi hitzaldi emango dira: batetik, abuztuaren 1ean “Urdazubi itsasorako bideetan” izendatutakoa eta bestetik, irailean, buruturiko ikerketa historiko-arkeologikoaren inguruko azalpenak emango dira.