Pilotaren Unibertsoa egitaraua abiatuko da ortziralean Urdazubin

ttipi-ttapa 2009ko uztailaren 23a

Xabier Gamarra, Santiago Villares eta Izaskun Goñi, asteazkenean Urdazubin egindako agerraldian. TTIPI TTAPA

Burdinaren Eguna antolatu du Bertizko Partzuergo Turistikoak abuztuaren 1erako

Asteazken goizean Urdazubiko museoan emandako prentsaurrekoan jakinarazi zenez, ortziral honetan, uztailak 24, Pilotaren Unibertsoa jaialdia eginen da, Bertizko Partzuergo Turistikoaren ekimenez. Aurten ere pilotari buruzko hainbat ekimen ikusteko aukera izanen da hiru egunez: ortziral honetan eta abuztuaren 8an eta 22an. Honela jakinarazi zuten Euskal Jai Alai taldeko Xabier Gamarrak, Santiago Villares Urdazubiko alkateak eta Izaskun Goñi Bertizko Oartzuergo Turistikoko gerenteak.
Paxaka, pala eta zesta-punta aukeratu dituzte aldi honetan eta 19:30ean hasita, modalidade bakoitzeko partida motzak jokatuko dira. Partiden ondotik, musika doinuak eta dastaketak izanen dira, egunaren arabera desberdinak. Hala, ortziral honetan, parrillada izanen da; abuztuaren 8an patata tortilla lehiaketa eginen da eta 22an paella jatea.

Burdinaren Eguna abuztuaren 1ean

XVI. eta XIX. mendeen artean burdina lantzen zen Urdazubin. Eta horren lekuko dira etxe aunitzen izenak: Masakoleta, Olakobizkarra, Olaburukolanda, Landibarreko Ola... Hain zuzen horregatik, eginen da Burdinaren Eguna Urdazubin, Bertizko Partzuergo Turistikoak antolatuta. Burdinak herriarekin izandako loturagatik joan den urtean egin zen lehenbiziko aldiz Burdinaren Eguna eta aurten bigarrena, abuztuaren 1ean eginen da, larunbatarekin.
Goizeko 10:30ean haurrentzako antzerkia izanen da, plazan. “El pirata garramantas” ikuskizuna eskainiko dute. Ordu berean hasita, 14:00etara bitarte artisau azoka izanen da. 12:00etan burdina monasteriora ailegatuko da, zubitik plazaraino bidea egin ondotik. 13:00etan hitzaldia eskainiko du Xabier Alberdik monasterioan, “Urdazubi itsasorako bideetan” izenburupean. Egunari segida emateko, zikiro jatea eginen da plazan.

Erroten Eguna irailaren 12an

Aurten Erroten Eguna ere Urdazubin eginen da, Zubietakoaren eskutik lekukoa hartu baitzuten iaz. Errotara eta monastegira bisita gidatuak eginen dituzte, aita solasaldiak, eskulan feria eta dastaktak ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun