Burdinaren Eguna antolatu du Bertizko Partzuergo Turistikoak abuztuaren 1erako

ttipi-ttapa 2009ko uztailaren 22a

Joan den urteko edizioak ikusmin haundia eragin zuen jendearen artean. TTIPI TTAPA

Antzerkia, artisau azoka, hitzaldia, zikiro jatea... denetarik izanen da

XVI. eta XIX. mendeen artean burdina lantzen zen herrian. Eta horren lekuko dira etxe aunitzen izenak: Masakoleta, Olakobizkarra, Olaburukolanda, Landibarreko Ola... Hain zuzen horregatik, eginen da Burdinaren Eguna Urdazubin, Bertizko Partzuergo Turistikoak antolatuta. Burdinak herriarekin izandako loturagatik joan den urtean egin zen lehenbiziko aldiz Burdinaren Eguna eta aurten bigarrena, abuztuaren 1ean eginen da, larunbatarekin.
Haur zein helduentzako ekitaldiak izanen dira, goizean hasita.
10:30ean haurrentzako antzerkia izanen da, plazan. El pirata garramantas ikuskizuna eskainiko dute. Ordu berean hasita, 14:00etara bitarte artisau azoka izanen da. 12:00etan burdina monasteriora ailegatuko da, zubitik plazaraino bidea egin ondotik. 13:00etan hitzaldia eskainiko du Xabier Alberdik monasterioan, Urdazubi itsasorako bideetan izenburupean. Egunari segida emateko, zikiro jatea eginen da plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun