Santiago Bideari eta komentuari buruzko museoa zabaldu dute Urdazubiko monastegian

ttipi-ttapa 2009ko ekainaren 5a

Museo aberatsa dauka Urdazubiko Salbatore monastegiak. TTIPI TTAPA

Ekainaren 4an inauguratu zuten eta Miguel Sanz Nafarroako presidentea izan zen ekitaldian

Zabalik dago Urdazubin Salbatore monasterioko museo berria, Santiago Bideak Baionatik Iruñerako bidean inguru honetan egiten duen ibilbidearen eta komentuaren historia jasotzen dituena, hain zuzen. Ekainaren 4an, ortzegun arratsaldean inauguratu zuten, hainbat ordezkari politiko aitzinean zirela. Santiago Villares alkatearekin eta bertze zinegotziekin batera, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Juan Ramon Corpas Kultura eta Turismo kontseilariak parte hartu zuten, eta Baztango udal ordezkariek, Urdazubi eta Baztango Santiago Bideko Lagunen Elkarteko kidea den Jose Fernandez D’Arlasek, Iruñeko Artzapezikutzaren izenean Javier Aizpuruk, baita Juan Zabala apezak ere.

Dirulaguntzak

Museoa egiterakoan hainbat izan dira dirulaguntza eman duten entitateak: Udala, Santiago Bideko Lagunen Elkartea, Nafarroako Kutxaren “Zuk aukeratu, zuk erabaki” proiektua eta Nafarroako Gobernua. 2007az geroztik Kultura eta Turismo Departamentuak hainbat laguntza eman ditu monasterian egin diren hainbat proiektuetarako: 2007an 50.000 euro eman zituen tokia egokitzeko; 2008an 67.999,34 euro obra zibilaren proiektua egiteko eta aurten 57.320 museoa egiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun