Bertze herri aunitzetan bezala, Urdazubin ere egun hauetan hasiko dira inauteriak. Ortziral hau haurrentzako egun haundia izanen da. Mozorroak jauntzi eta trikitilari eta panderojoleen laguntzarekin kalejira eginen dute. Ondotik, eskolan txokolatada izanen dute Urdazubi eta Zugarramurdiko neska-mutikoek.
Gazteak igandetik aitzinera
Larunbatean atsedena hartu ondotik, gazteek igandean, otsailak 22, hasiko dituzte inauteriak eta astelehenean eta asteartean izanen dute segida.
Igandean Dantxarinean barna eskean ibiliko dira Modesto akordeoilariarekin. Astelehen eta asteartean, berriz, hilak 23 eta 24, 10:00etan elkartu eta herriko gainerako auzoetan ibiliko dira gazteak eskean. Aipatu, aitzineko urteetan ez bezala, aurten ez dela afaririk izanen Indianobaitan, baina pintxoak eskainiko dira, eta horiek herritar guztientzat izanen dira.