Larunbat honetan, azaroaren 29an Kantu Zaharren Eguna ospatuko da Dantxarineako Lugarana jatetxean eta urtero bezala, hainbat kantuzale biltzea espero da.
Bosgarren edizioa
Orain bortz urte ospatu zen lehen aldiz Kantu Zaharren Eguna Sunbillako Ulibeltzak Elkartean Angel Mariezkurrena eratsundarraren ekimenez. Kantua gustuko izan du beti eta mahai inguruan bildu eta kantuan aritzeko ohitura galdua zela ikusirik, berreskuratzeko ahalegina egin zuen. 100 pertsona inguru bildu ziren lehen aldian, guztiz arrakastatsua suertatuz. Hau ikusirik, bigarren urtez antolatzea pentsatu zuen, baina dimentsioak handituz. Hala, Elizondoko Lur aretoan egin zen, Alex Mujika sukaldariak prestaturiko katering bat bertara eramanez. Dagoeneko gure eskualdeko mugak gainditu zituen eta Gipuzkoa, Bizkaia, Iparralde eta bertze herrialdetako jendea hurbildu zen egun batez kantuaz gozatzera.
Sunbillatik Elizondora, eta Elizondotik Dantxarineara
Hirugarren edizioan lekua aldatu zen eta Dantxarineako Lugarana jatetxean egin zen prestaketa guzia. 300 pertsonentzako lekua badu eta hagitz goxo eta gustuko suertatu zen. Hau dela eta, aurten, hirugarren urtez segidan toki berean eginen da.
50 euroan saldu dira txartel guziak
Angel Mariezkurrena sustatzaileak Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait jatetxeetako eskaintzak jaso ditu Kantu Zaharren Eguna bertan ospatzeko, baina ez du zalantzarik izan eta Lugaranan segitzeko asmoa du. 50 euro balio ditu bazkari eta afarirako txartelak eta dagoeneko txartel guziak saldu dira. Aurten ere bazkarira sartu orduko, parte hartzaileek kantu zaharrez hornitutako liburuxka bat opari izanen dute, bazkarian eta ondoren eginen diren kantuak errazago segitu ahal izateko. Musikari eta gonbidatuak izanen ditu edizio honek ere eta Aitor Ibarra “Jalisko”, Joxe Angel soinu jolea eta bestelako laguntzaileak ibiliko dira animuak pizten, nahiz eta ziur egun horretan kantuan aritzeko aitzaki gutxi beharko dutela.