Kantu Zaharren Egunaren V. edizioa azaroaren 29an eginen da Dantxarinean

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 11

Lugarana jatetxean bildu ziren 350 lagun inguruk giro ederrean igaro zuten joan den urteko Kantu Zaharren Eguna. TTIPI TTAPA

Txartelak 50 eurotan daude Dantxarinean, Sunbillan eta Elizondon

Aitzineko edizioetan izan duen erantzun ona ikusita, aurten ere ez du hutsik egin Angel Mariezkurrena Sunbillan bizi den eratsundarrak: azaroaren 29rako Kantu Zaharren Eguna antolatu du. Azken hiru urteotan bezala, Dantxarineako Benta Peion eginen da, Lugarana jatetxean.

Kantua euskal kulturaren zati garrantzitsua eta oraindik zabaldua dagoen ohitura delako, Angel Mariezkurrenak egun osoko egitaraua antolatu du: 14:00etan bildu eta bazkaria eginen da. Bazkalondoan, mahainguruan kantu zaharrak kantatzen ariko dira. 20:00etan berendu-afaria eginen da. Egun horretarako espresuki kantu zaharrekin egindako liburuxkak ere banatuko dira, eta Mariezkurrenak aipatu digunez, aurtengo alean 140 abesti jaso ditu. Gainera dohainik banatuko dira.

Egun horretan parte hartzeko aitzinetik hartu behar dira txartelak. Azaroaren 2az geroztik salgai daude, eta lehenbailehen eskuratzea gomendatu digu antolatzaileak: «Euskal Herri guzitik etortzen da jendea eta joan den urtean 15 egunetan denak saldu ziren». Txartelak Dantxarineako Benta Peio harategian (948 599400), Sunbillako Itturburu ostatuan (948 451703) eta Elizondoko Antxitonea trinketean (948 581807) egonen dira. 50 euro balio dute eta prezio horren barne bazkaria eta berendu-afaria sartzen dira. 300 txartela paratu dituzte salgai, baina horrez gain, euskal kantugintzako gonbidatu bereziak ere bilduko dira. Aitzineko aldietan, Amaia Zubiria, Pantxoa eta Peio, Jaione Olazabal... hurbildu izan dira.

Autobusa aukeran

Autobusa ere paratuko da, 10 eurotan. Sunbillatik 11:45 aldera aterako da eta Dantxarineara ailegatu aitzinetik, Doneztebe, Oronoz-Mugairi, Irurita, Elizondo eta Arizkun eta Erratzuko bidegurutzean eginen du geldialdia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun