Kantu Zaharren Eguna azaroaren 29an ospatuko da Dantxarineako Lugarana jatetxean

Artxibokoa 2008ko azaroaren 4a

Urtero arrakastatsua suertatzen da Kantu Zaharren Eguna. TTIPI TTAPA

Txartelak salgai daude dagoeneko

Azaroaren 29an Kantu Zaharren Eguna ospatuko da Dantxarineako Lugarana jatetxean eta urtero bezala, hainbat kantuzale biltzea espero da aurtengo bosgarren edizio honetan ere.

Lehen edizioa Sunbillan, bigarrena Elizondon

Orain bortz urte ospatu zen lehen aldiz Kantu Zaharren Eguna Sunbillako Ulibeltzak Elkartean Angel Mariezkurrena eratsundarraren ekimenez. Kantua gustuko izan du beti eta mahai inguruan bildu eta kantuan aritzeko ohitura galdua zela ikusirik, berreskuratzeko ahalegina egin zuen. 100 pertsona inguru bildu ziren lehen aldian, guztiz arrakastatsua suertatuz. Hau ikusirik, bigarren urtez antolatzea pentsatu zuen, baina dimentsioak handituz. Hala, Elizondoko Lur aretoan egin zen, Alex Mujika sukaldariak prestaturiko katering bat bertara eramanez. Dagoeneko gure eskualdeko mugak gainditu zituen eta Gipuzkoa, Bizkaia, Iparralde eta beste zonaldeko jendea hurbildu zen egun batez kantuaz gozatzera.

Azken hiruak Dantxarineako Lugaranan

Hirugarren edizioan leku aldaketa bat eman zen eta Dantxarineako Lugarana jatetxean egin zen prestaketa guzia. 300 pertsonentzako lekua badu eta hagitz goxo eta gustuko suertatu zen. Hau dela eta, aurten, hirugarren urtez jarraian toki berean eginen da.

Txartelak salgai 50 euroan

Angel Mariezkurrena sustatzaileak Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait jatetxeetako eskaintzak jaso ditu Kantu Zaharren Eguna bertan ospatzeko, baina ez du zalantzarik izan eta Lugaranan segitzeko asmoa du. 50 euro balio du bazkari eta afarirako txartelak eta dagoeneko salgai daude Sunbillako Itturburun, Elizondoko Antxitonea trinketean eta Lugarana jatetxean bertan. Aurten ere bazkarira sartu orduko, parte hartzaileek kantu zaharrez hornitutako liburuxka bat opari izanen dute, bazkarian zehar eta ondoren eginen diren kantuak errazago jarraitu ahal izateko. Musikari eta gonbidatuak izanen ditu edizio honek ere eta Aitor Ibarra “Jalisko”, Joxe Angel soinu jolea eta bestelako laguntzaileak ibiliko dira animuak pizten, nahiz eta ziur egun horretan kantuan aritzeko aitzaki gutxi beharko dutela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun