Larunbat honetan hasi eta hilabetea akitu arte hainbat ekitaldi izanen dira

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 27a

Larunbat honetan, Salam antzezlana ikusteko aukera izanen da 17:00etan Zugarramurdin

Udazken animatua dugu aurtengoa. Urtero hortxe izaten ditugu ehiztariak beren saltsan, eta onddo bilatzaileak ere bere sasoinean, nahiz eta hauek franko uzta eskasa izaten ari diren. Horietaz gain, bertze ekitaldi batzuetan parte hartzeko aukerak ere baditugu. Urriaren 15ean, adibidez, Juan Zabala apez berriak txokolatada antolatu zuen Urdazubiko pilotalekuan bi herrietako haur eta guraso guztientzat. Alde batetik, elkar ezagutzeko aukera polita izan zen, eta bertze aldetik, katekesiari buruz hitz egiteko. Dagoeneko ekitaldi batzuk pasatuak badira ere, oraindik ere bada zerekin gozatu:

Azaroak 1, larunbata

- Zugarramurdiko Museoan, 17:00etan, Salam antzezlana eskainiko da, Udazkeneko Biraren barne.

Azaroko ortziraletan

- Montxo ostatuan Mus Tximista Txapelketak. Hasteko ordua 21:45 da, eta bikote bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu izena ematerako momentuan. Sariak hauek dira: bildots bat lehenbizikoentzat eta sei arno botil bigarrenentzat.

Azaroak 29 eta 30

- Duela 400 urte izandako sorgin ehizari buruzko ekitaldiak. Honi buruzko xehetasunak aintzinerago emanen ditugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun