Aterpetxe berria herrian

Margari eta Koro 2008ko irailaren 16a

TTIPI TTAPA

Uda honetan Lapiztegia karrikan aterpetxe bat egiteko lanetan hasi dira. Aterpetxe honek denetara 80 plaza izanen ditu, gehienak literekin eta horietako sei landa-etxe moduko hiru gelekin. Gainera, 90 m2ko aisialdirako gela bat ere izanen du, aktibitate ezberdinak lantzeko. Kanpoan etxeko animalia ttikiekin osaturiko parkea izanen du: oiloak, lapinak, ahateak eta abar. Jardueretan aritzeko erabiltzen ahal izanen dira animaliak: bazka eman, garbitu...

Kanpora irekiak egonen diren ostatua eta jatetxea ere izanen ditu, eta aitzineko aldean trankil egoteko moduko belar soro bat ere bai terraza zerbitzuarekin. Aipatu, proiektu honek Nafarroako Gobernuak, Euskadiko Kutxak, Gazte Enpresak eta CEINek antolatutako Ideactiva sarietan parte hartu zuela, eta 150 proiekturen artean laugarren saria lortu zuela. Sari hauek Nafarroa guztiko gazte saiatuei zuzendutakoak ziren eta ekainean banatu ziren. Lanak behar den bezala finituz gero, 2009ko ekainean aterpetxea irekiko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun