Dantxarineako Francisco Javier Varela eta Maria Jose Larralde senar-emazteak eta beraien alaba ezin dute autoan ateri bere etxetik eta bere arrenkura agertu dute komunikabideetan. Senar-emazteek diotenez, zinegotzi baten aginduz ormigoizko tubo handi batzuekin itxi die etxea N-121-B errepidearekin eta Dantxarineako merkataritza gunearekin lotzen duen bide bakarra.
2007ko uholdeek kaltetutako zubia
Pantxo Varelak aipatu duenez, “dena gan den urteko maiatzeko uholdeen ondotik hasi zen. Nere argazki eta bideo-produkzio dendan galera handiak sortu zituen urak eta Panta Bentaren ondoan Ugarana erreka gainditzen duen zubiak ere kalteak izan zituen. Arriskua ikusita, Urdazubiko Udalak ahozko akordioa lortu zuen gaur egun zinegotzia den Panta Bentako Juan Ignacio Arzozekin eta Justo Arretxearekin. Honela, bentaren aitzinetik eta Arretxearen lur eremu baten barna, Senpereko errepidera pasabidea antolatu zuten”. Pasabide hori abuztuaren 6ko gauera bitarte erabili dute. Biharamon goizean, Mari Jose Larraldek autoa hartu eta etxetik atera behar zuenean, bidea ormigoizko tubo handi batzuekin itxia zegoela ikusi zuen”. Juan Ignacio Arzoz zinegotziak, eraikuntza enpresa baten laguntzaz paratuak zituela ikasi dute.
“Arduradun zuzena alkatea da”
Guardia Zibilari denuntzia aurkeztu diote senar-emazteek, baina hauek arazo zibila dela aipatu diete. Santiago Villares alkateak, bere aldetik, ez omen die aterabiderik ematen, bizilagunen artekoarazoa dela erranez. Baina Pantxo Varelaren ustez, “arduradun zuzena alkatea bera da, berak agindu baitzuen lehengo Panta zubia botatzea eta horren ordez oinezkoendako zubia eraiki zuen. Eta ez dugu bertze pasabiderik”.
Ur Konfederazioaren baimenik gabe hasi zen zubia eraikitzen Udala
Valerak dioenez, bere garaian kontsulta bat egin zion Espainiako Iparraldeko Ur Konfederazioari, bere etxebizitzaren parean egin nahi zen zubiak, uholdeak izaten zirenean beraientzat arriskua sortu zezakeen jakiteko. “Erakunde honen erantzuna harrigarria izan zen: Herriko Etxea baimenik gabe hasia zen lanean eta zubi berrian lehen ez zegoen errotonda bat ere egin behar zuten eta horrek kalte handia sortzen ahal zuen”. Obrak geldiarazi zituzten eta Udalak isuna ordaindu behar izan zuen. “Hori, gan den urteko azaroan gertatu zen eta oraindik lanak geldituak daude” adierazi du Varelak. Bidea ixtea kontsulta horren ondorio dela uste du eta gainera, gaur egun oposizioan dagoen Andres Diharasarriren taldean udal hauteskundeetan aurkeztu izanak ere, bere eragina duela dio.
“Gaur egun –dio Varelal– ezin dugu etxetik autoan ateri eta argazki eta bideo denda irekia baldin badugu ere, bezeroek bidea itxia dagoela ikusi eta buelta ematen dute”.