Bizkaiako burdina Urdazubira ailegatu zen larunbatean

Utzitako argazkiak 2008ko abuztuaren 6a

Monastegiko abadeak eta fraideek, burdinaren kalitatea ontzat eman ondotik, ordaindu egin zuten. TTIPI TTAPA

Garai bateko itsas bidaia berreskuratu du Ziburuko Itsas-Begia elkarteak

XVI. eta XIX. mendeen artean Bizkaiako Somorrostroko burdin mea, bertze hainbat lekutara bezala, kostaldean barna Urdazubiko Salbatore monastegiko burdinoletara ailegatzen zen, Donibane Lohizune eta Azkainetik igaroz. Mendeetan, Bizkaiko Enkarterrietako burdin mea lurrez eta itsasoz garraiatua zen burdinoletaraino, udako hilabeteetan. Bizkaitik zetorren materialak idi-gurditan jarraitzen zuen Senpere, Sara eta Zugarramurditik, Ainhoaren bazterretik ibiliz. Historia ikertzen aritzen den taldea da Itsas-Begia Euskal Itsas Ondarearen Babesteko Elkartea eta garai bateko burdinaren garraioaren ibilbidea eginez, itzuli bat antolatu du udarako. Bira hori Urdazubira ailegatu zen larunbatean, abuztuaren 2an. Somorrostrotik hasi zen bira uztailaren 29an, eta Bilbo, Portugalete, Plentzia, Bermeo, Zumaia-Bedua, Donostia, Donibane Lohizune eta Azkainetik pasatu ondotik Urdazubira ailegatu zen.

Azkainetik idi-gurdian

Goizean, Azkainetik burdin mea garraiatzen zuen idi-gurdia ailegatu zen Urdazubiko monastegira eta abade eta fraileek onartu eta ordaindu egin zuten, ezkilek jotzen zuten bitartean. Erran beharrik ez da gaur egun ez dagoela ez olarik ez frailerik Urdazubin, baina herritarrek ongi antzestu zuten, herriko historian hainbertzeko garrantzia izan zuen garraioa. Urdazubik burdina lantzen zuenaren lekuko dira XVIII. mendearen amaieraz geroztik mantendu dituen izenak: Masakoleta, Olakobizkarra, Olaburukolanda eta Landibarreko Ola.

Oroigarria errota ondoan

Burdinaren itsas garraioaren omenez eraikitako oroigarria ere paratu zuten errota ondoan, Bizkaiko Gallartako Mearen Museoak Urdazubiko Udalari emandako burdin zati handi bat, mila kilo baino gehiagokoa. Segidan, Gonzalo Duo ikerlariak gertatutakoaren inguruan solasaldia eskaini zuen. Bere ustez, horrelako bidai baten bidez, liburu bat idatzita baino argiago erakusten ahal da hainbat mendetako historia. Urdazubiko Udalaren, Bertizko Partzuergo Turistikoaren eta Ziburuko Itsas-Begia elkartearen laguntzaz, Duo eta bere kideek burdin-mea garraiatu dute Brokoa izeneko txalupan. Itsasontzi hau ere, XIX. Mendekoen itxura hartuz eraiki da, Donostiako Akuarioan gordeak dauden Orioko Mutiozabal Untziolaren planoak segituz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun