Hamalau artistaren lanak ikusgai daude Urdazubiko monastegiko klaustroan

TTIPI TTAPA 2008ko uzt. 31a, 17:32

Eskulturak eta margolanak udazkena arte ikusgai izanen dira 11:00etatik 20:00etara

Urdazubiko monastegiaren klaustroa artearen erakusleiho bihurtu da eta 14 artisten lanak biltzen ditu. Honela, XI. Mendeko monastegiraren klaustroa, arte modernoaz bete da, horixe baita 14 eskultore eta margolarien 400 artelanek agertzen dutena.

Artista handiak

Christine Etchevers, Patxi Aranoa, Jose Mari Apezetxea, Roger Bravard, Gonzalo Etxebarria, Aitor Mendizabal, Pier, Irkus Robles, Xabi Soubelet eta Jose Luis Zumeta margolarien lanak klaustroaren galerian ikusten ahal dira eta Annie Camacho, Gilles Plantade, Aitor Mendizabal, François Marty eta Tomas Fischer-en eskulturak patioan daude. Urdazubin bizi den Marc Etxeberri eta Otxondo-Evenements enpresa dira erakusketaren bultzatzaileak. Ez da klaustroan antolatzen duten lehenbiziko erakusketa, azken urteetan esperientzia baitute horretan.

Euro bateko sarrera

Aurtengo erakusketan, bakoitzak bere estiloa lantzen duten artista bikainen lanak ageri dira. Erakusketa udazkena bitarte zabalik izanen da, egunero goizeko 11etatik arratsaldeko 8etara eta sarrerak euro 1 balio du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun