Bizkaiako burdinbidearen azken portua izanen da Urdazubi abuztuaren 2an

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 29a

Hainbat mendetan, Somorrostroko burdin meak monastegirako bidea egiten zuen

XVI. eta XIX. mendeen artean Bizkaiako Somorrostroko burdin mea, bertze hainbat lekutara bezala, kostaldean barna Urdazubiko monastegiko burdinoletara ailegatzen zen, Donibane Lohizune eta Azkainetik igaroz. Mendeetan, Bizkaiko Enkarterrietako burdin mea lurrez eta itsasoz garraiatua zen burdinoletaraino, udako hilabeteetan. Bizkaitik zetorren materialak idi-gurditan jarraitzen zuen Senpere, Sara eta Zugarramurditik, Ainhoaren bazterretik ibiliz. Historia ikertzen aritzen den taldea da Itsas-Begia Euskal Itsas Ondarearen Babesteko Elkartea eta garai bateko burdinaren garraioaren ibilbidea eginez, itzuli bat antolatu du udarako. Bira horrek, hain zuzen, Urdazubi zapalduko du abuztuaren 2an. Somorrostrotik hasiko da bira uztailaren 29an, eta Bilbo, Portugalete, Plentzia, Bermeo, Zumaia-Bedua, Donostia, Donibane Lohizune eta Azkainetik pasatu ondotik Urdazubira ailegatuko da.

Egitarau zabala goizetik

Abuztuaren 2rako ekitaldiak prestatu dituzte Urdazubin, asteartean prentsaurrekoan Santiago Villares alkateak jakinarazi zuenez. 11:30ean burdin mea garraiatzen duen idi-gurdiaren desfilea eginen da Azkaine eta Zugarramurdi aldetik. 12:00etan ailegatuko da Axularren etxera eta handik idi gurdian burdina plazaraino garraiatuko dute. 12:30ean burdinaren itsas garraioaren omenez eraikitako oroigarria paratuko da, Bizkaiko Gallartako Mearen Museoak Udalari emandakoa. Burdinaren erosketa ere eginen da. Segidan, Gonzalo Duok gertatutakoaren inguruan solasaldia eskainiko du eta 14:00ak aldera zikiro jatea eginen da. Urdazubik burdina lantzen zuenaren lekuko dira XVIII. mendearen amaieraz geroztik mantendu dituen izenak: Masakoleta, Olakobizkarra, Olaburukolanda eta Landibarreko Ola. Aipatutako ekitaldiez gain, 10:30ean txotxongiloak izanen dira eta 10:30etik 14:00etara artisauek euren produktuak erakusgai eta salgai paratuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun