Pilotaren Unibertsoa Urdazubira hurbilduko da datozen hiru ortziraletan

Goizalde URDANPILLETA 2008ko uztailaren 23a

Bertiz Partzuergo Turistikoko Izaskun Goñik eta Santiago Villares Urdazubiko alkateak eman zuten Pilotaren Unibertsoa programazioaren berri. TTIPI TTAPA

Lau modalitate ezberdinetan arituko dira pilotariak eta afari-berendua eskainiko da

Pasa den udako saio arrakastatsuaren ondoren, Bertizko Turismo Partzuergoak, Urdazubiko Udalarekin batera, hiru ekitaldi antolatzen ditu aurten “Pilotaren Unibertsoa”ren lelopean.

Lau pilota modalitate

Mugaren beste aldean antolatzen diren turisteei zuzendutako animazioetan oinarrituta, lau modalitate desberdinak erakusteko partidak izanen dira. Urdazubiko frontoi berrian eta arratsaldeko zazpi eta erdietan ekitaldia hasiko da Laxoa Elkartearen kideek jokatuko duten paxaka partidarekin. Ondoren, kirol honen geroa bermatzen duten mutikoak, Sunbilla, Legasa eta Narbartekoak, eskuz ariko dira. Nafarroako Pilota Federazioko larru-paleta jokalariek jarraituko dute eta Euskal Jai Alai enpresaren zesta punta jokalariekin bukatuko da.

Turistei entretenimendua

Helburua eskualdean dauden turisteei entretenimendu bat eskaintzea da eta aldi berean gure eskualdera jendea erakartzea, frantziar turistak bereziki, pilotaren jokua ezezagunagoa dutelako. Jokua ezagutzen ez dutenentzat, hain zuzen ere, megafoniaz hizlari batek modalitate bakoitzaren inguruan azalpenak emanen ditu. Hala ere, ekitaldia erakargarria da ere pilotazaleentzat, parte hartzen duten jokalariek beraien modalitateetan onak direlako.

Akordeolaria eta afaria

Giroa osatzeko, frontoiaren eserlekuen artean akordeolari batek bertako musika joko du alaitzeko. Eta eguna amaitzeko, afari bat eskainiko da frontoian bertan. Aurtengo datak honakoak dira: ortziral honeta, hilak 25en eta ondorengo bi ortziral, abuztuaren 1an eta 8an. Ortziral honetako afaria zingarrada bat izanen da, hau da, parrillada bat. Parte hartzeko tiketak egonen dira salgai Urdazubiko tabernetan. Hurrengoetan tortilla txapelketa eta paellada bat antolatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun