Nafarroako Gobernutik jasotako dirulaguntzekin Urdazubin eta Zugarramurdin egin diren lanak bisitatu zituzten maiatzaren 28an Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak, Begoña Sanzberro Landa Garapen eta Ingurumen Kontseilariak eta Juan Ramon Corpas Kultura eta Turismo kontseilariak. Udaletxean Santiago Villares alkateak ongi etorria egin ondotik iazko uholdeek eragindako kalteak konpontzeko egindako lanak ikusi zituzten. Toki Administrazio Departamentuak milioi bat euro inguru bideratu zituen Urdazubira eta Landa Garapen Departamentuak bertze 150.000 euro.
Horrez gain, 2007an plazan eta monastegirako karriketan egindako zolatze lanak ere ikusi zituzten. Kasu horretan, 204.000 euroko aurrekontutik 131.000 Turismo Departamentuak eman zituen. 2005ean inauguratutako erromesen aterpetxean ere izan ziren, eta museo liturgikoan ere bai. Azkenik, Dantxarinean egiten ari diren obretara hurbildu ziren. Hemen, Ugarana errekaren gainean zubia eraikitzen ari dira. Lanak 3 milioi eurotik goiti gostako dira eta aurten bukatzea espero da.
Zugarramurdirako bisitan, berriz, Jesus Maria Agerre alkatearekin, leizeak eta Sorginen Museoa bisitatu zituzten. Azken honetan, 1.460.000 euroko aurrekontutik 850.000 Gobernuak bideratu ditu; Udalak 360.000 euro paratu zituen eta Cederna-Garalur Elkartearen bidez 245.000 euro lortu ziren. Leizeetan uholdeek utzitako kalteak konpontzeko Gobernuak 150.250 euro eman zituen.