Eguraldia lagun, giro onean joan ziren Salbatore Bestak. Egitarauaren barne, maiatzaren 3an jokatu zen Urdazubiko mendi lasterketaren IX. edizioa, kontrabandisten lasterketa ere deitua. Gizonezkoetan Fernando Etxegarai beratarra nagusitu zen (39:29), bigarren gelditu zen Unai Santamaria hernaniarrak baino ia bi minutu guttiagoko denbora eginez (41:17). Hirugarrena Patxi Iratzoki igantziarra gelditu zen, eta laugarren eta bortzgarren Iñigo Lasaga etxalartarra eta Alberto Barberena elizondarra, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, Kristina Arbues igantziarra gailendu zen (53:46), eta bigarrena Baionako Magali Bucau sailkatu zen (1:05:36). Helmugaratutako lehen urdazubiarra Patxi Perez izan zen, 29. postuan ailegatu zen (1:00:47). Antolakuntzak, bere aldetik, barkamena eskatu nahi die bai korrikalariei eta bai Saratik zaldian hurbildu zirenei ere, lasterketan izandako istriputxoarengatik.