Uholdeen kalteak moldatzeko kasik 1,2 milioi inbertitu ditu Gobernuak

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 12a

Hala adierazi zuten Salanueva eta Sanzberro kontseilariek egindako bisitan

Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazio eta Landa Garapen eta Ingurumen departamentuen bidez, 1.180.000 euro inbertitu ditu Urdazubin, iazko uholdeek sortutako kalteak moldatzeko lanetan. Hala jakinarazi zuten maiatzaren 2an, Salbatore bestetan, Amelia Salanueva eta Begoña Sanzberro kontseilariek Urdazubira egindako bisitaldian. Eginak dauden lanez gain, Udalak finantziazio gehigarria eskatu du, ia 4 milioi euroko gastua eraginen duten lan batzuei ekiteko. 3,2 milioi euro, Dantxarineako zeharbidearen hirigintza lanetarako izanen da. Gobernua 3 milioi euro ematea aztertzen ari da.
Iazko uholdeak tarteko, Udalak eta Gobernuak hitzarmena sinatu, eta 1.051.956 euroko dirulaguntza adostu zuten, herriko azpiegitura kaltetuak moldatzeko. Ingurumen Departamentuak, bere aldetik, 133.208 euro eman zituen, nekazaritzako azpiegitura publikoak moldatzeko. Donpedrorena, Putikoneko, Maskoneko Borda eta Berroberriko Bordan bideak moldatu ziren.
Bertzalde, uholdeekin zerikusirik ez duten lanak ere subentzionatuko ditu Gobernuak: Alberdi auzoko saneamendu sarea berritu eta Azkain eta Gantxenea baserrietarako sarbideak egokituko dira. Herri eta auzoetako edateko ur sarearen zati bat ere berritu da, Otxondotxiki iturritik ura hartuz. Udaletxean ere hobekuntzak egin dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun