Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazio eta Landa Garapen eta Ingurumen departamentuen bidez, 1.180.000 euro inbertitu ditu Urdazubin, duela urtebeteko uholdeek sortutako kalteak moldatzeko lanetan. Honela jakinarazi zuten joan den ortziralean, maiatzaren 2an, Amelia Salanueva eta Begoña Sanzberro kontseilariek Urdazubira egindako bisitaldian.
Saihesbideko hirigintza lanetarako inbertsio gehigarria eskatu du Udalak
Dagoeneko eginak dauden lanez gain, Urdazubiko udalak finantziazio gehigarria eskatu du, kasik 4 milioi euroko gastua eraginen duten bertze lan batzuei ekiteko. Diru zatirik haundiena, 3,2 milioi euro, Dantxarineako zeharbidearen hirigintza lanetarako izanen da. Nafarroako Gobernua 3 milioi euroko dirulaguntza ematea aztertzen ari da. 2 milioi Toki Administrazio Departamentuak jarriko luke, 2005-2008 azpiegitura planaren barrenean eta bertze milioia Herrilan, Garraio eta Komunikabideetako Departamentuak jarriko luke. Salanueva eta Sanzberro kontseilariak Urdazubiko Salbatore besten barrenean egin zuten bisita eta Santiago Villares alkatea eta udal zinegotziak izan zituzten lagun.
Hitzarmena
Joan den urteko maiatzean uholde handiak izan ziren gure inguruan. Urdazubiko kasuan, udalak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu eta 1.051.956 euroko dirulaguntza adostu zuten, herriko azpiegitura kaltetuak moldatzeko. Lanak Bengoetxea eraikuntza enpresak egin zituen. Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak, bere aldetik, 133.208 euroko dirulaguntza eman zuen iaz, nekazaritza erabilerako azpiegitura publikoak moldatzeko. Donpedrorena, Putikoneko, Maskoneko Borda eta Berroberriko Bordan bideak moldatu eta garbitu ziren.
Ur zikinen eta edateko uren sareak
Uholdeekin zerikusirik ez duten bertze lanak ere subentzionatuko ditu Nafarroako Gobernuak Urdazubin. Honela, Alberdi auzoko saneamendu sarea berrituko da eta Azkain eta Gantxenea baserrietarako sarbideak egokituko dira, 398.537 euroko aurrekontuarekin. Herriko eta auzoetako edateko ur sarearen zati bat ere berritu da, Otxondotxiki iturritik ura hartuz. 267.282 euroko inbertsioa egin da lan honetan. Urdazubiko udalak Herriko Etxearen distribuzioan ere hobekuntzak egin ditu, lehen solairuan artxiborako eta bulegorako lekua lortzeko. Lan honen aurrekontua 41.484 eurokoa izan da.