N-121B errepidean Dantxarinea parean eginen diren urbanizazio-obrak onartu ditu Urdazubiko Udalak, inguru horretan sortzen diren trafiko arazoak konpontzeko helburuarekin. Aldeko lau botorekin eta oposizioaren kontrako hiruekin (Andres Diharassarry, Miguel Ariztia eta Daniel Elizalderenak) onartu zen proiektua otsailaren 29ko bilkuran.
Eginen diren lan eta aldaketen artean, bertzeak bertze, Dantxarineako zubiaren eta biribilgunearen diseinua aldatzea aurreikusi da. Hartara, Iparraldeko Ur Konfederazioaren aholkuei segituz, oraingo hustubideen baldintzak bermatuak geldituko direla uste da eta uholde arriskuetatik babestuta. Gisa berean, frontoiaren alboko paretaren zati bat botako da, uraren jarioa errazte aldera; Barela Etxera doan bidea ere erreka bazterretik urrunduko da.
Bertzalde, biribilgunearen iparmendebaldera dagoen espaloia eta lubeta desagertaraziko dira eta horren ordez harri-lubeta eraikiko da. Udalak erabakitako neurri hauek Iparraldeko Ur Konfederazioari jakinaraziko zaizkio.