Urdazubiko Salbatore monastegiak liturgia-apaingarriak, erlikiak eta liburutegia bilduko dituen museoa izanen du, Urdazubiko Udalak, Urdazubi-Baztango Santiago Bideko Lagunen Elkarteak eta Iruñeko Artzapezpikutzak hartutako akordioaren arabera. Lehendik ere elkarlanean arituak dira Santiago Bideko Lagunen Elkartea eta Urdazubiko Udala. Lehenik, monastegiko klaustroa bisitariendako egokitu zen eta geroztik zenbait erakusketa ere hartu ditu. Klaustroaren gaineko aldean, berriz, Santiago Bidea Urdazubi eta Baztanen barna egiten dutenendako aterpea moldatu zen eta orain, teilatua, moldatu ondotik, museoaren proiektu berria gauzatzen ari dira.
Herriaren baliabide turistikoak handitu
Gisa honetara, Santiago Villares Urdazubiko alkateak aipatu duenez, “herriaren baliabide turistikoak handitu” nahi dituzte eta interesgarria iruditzen zaie Urdazubiren eta monastegiaren historia, museo baten bitartez azaltzea. Monastegiko monjeek eguneroko bizitzarako eta eliz-ospakizunetarako erabiltzen zituzten tresna, jantzi, oinetako eta bertze erakusteaz gain, erlikiak eta 900 liburu bilduko dituen liburutegia eginen dira. Liburu horietako batzuk garrantzitsuak direla azpimarratu dute Urdazubitik.
Azken abadearen jantziak
Angel Larrau antikuarioa eta zaharberritzailea arduratu da klaustro gaineko gelak museora izateko egokitzeaz. Dagoeneko, Salbatore monastegian 1825 eta 1839garren urteen artean bizitu zen azken abadearen oinetakoak, galtzerdiak, guanteak eta zenbait tresna ikusten ahal dira, baina oraindik lanean segitzen dute.
Gastuen ordainketa
Artzapezpikutzak klaustro gainaren zati bat museoa eta liburutegia egiteko utzi du. Santiago Bideko Lagunen elkarteak lanak ordainduko ditu. Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak gastuen zati bat ordainduko du eta Nafarroako Kutxaren “Zuk aukeratu, zuk erabaki” programaren bitartez ere gastu batzuk ordainduko dira.