1608 eta 1610 tarteko urteetan Zugarramurdin (eta Urdazubin) sorgin-kontu izan ziren gertaera historikoei buruz liburu bat idatzi da. Urriaren 1ean argitaratu zen, eta titulua “Madarikatuen ordua” du. Sorginkeriari buruz Julio Caro Baroja, Florencio Idoate eta bertze batzuk testu historikoak argitatu izan dituzte eta baita ikerketa batzuk ere. Pio Barojak bere “Urtubiko Dama”ren liburuan Zugarramurdiko akelarreak aipatzen ditu, eta duela ez aunitz Toti Martinez de Lezeak ere “Ilargiaren alaba” tituluarekin eleberri edo nobela liburua argitaratu zuen, bainan bi hauetan nahiz eta gertaera haiek oinarri hartu, ez zuten xehetasun historiko handirik ematen. Aipatzen dugun liburu berri honek pausuz-pausu kontatzen ditu bi urte hoietan gertatutakoak, datak zehazki kontuan hartuz, xehetasun guztiak emanez, eta egiazko pertsonai historikoak hartuz. Badirudi garai hartako episodio ilun hura aise ezagutzeko manera izanen dugula liburu hau irakurriz. Bainan bada arazo bat: liburua frantsesez argitaratua dela. Egilea Gracianne Hastoy idazle frantziarra da, eta momentuan Frantzian bakarrik argitaratu da. Bartzelonako editorial batek gaztelaniaz argitaratzeko interesa erakutsia du, eta frantsesarik ez dakigunek horren zai gelditu beharko dugu.