Elizako apaingarriekin museoa eta liburutegia egiteko obrek aitzinera segitzen dute

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 11

TTIPI TTAPA

Museo barreneko altzariak prestatzen eta antolatzen ari dira

Urdazubik ere museoa izanen du hemendik guttira. Joan den urtean ekin zioten museoa egiteko proiektuari eta dagoeneko obrak nahiko aitzineratuak daude. Eliza-Monastegiko goiko solairuan ari dira egiten eta elizako apaingarriena izanen da. Horrekin batera, dagoen bibliografia guztia bilduz liburutegia egiteko egitasmoa ere eskuartean dago.
Tartean sute aunitz izan badira ere, oraindik mantentzen den ondarea jendaurrean paratzea da helburua: mitra, apaizaren kapa, erlikia... Gisa berean, XVII. mendetik aitzinerakoak diren 900 liburutik goiti ere bildu dira eta horiek ere erakusgai paratu nahi dira. Honek guztiak, noski, herriko ondarea bultzatzeaz gain, turismoa eta indartzen lagunduko luke.
2005ean Artzapezpikuak Urdazubiko Santiago Bideko Lagunak Elkartearen esku utzi zuen klaustroaren gainaldearen zati bat, 20 urtetarako, eta honek elizarekin zerikusia duten objektuak bilduz museoa egiteko baliatu du. Obrako gastuak bere gain hartuko zituela erran zuen Elkarteak. Bi urte beranduago, berriz, Elkarteak eta Udalak hitzarmena sinatu zuten dirulaguntzak eskatzeko. Horren bidetik ailegatu dira laguntzak. Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak emandakoarekin eta Nafarroako Kutxaren Zuk aukeratu, zuk erabaki proiektuaren bidez lortu den diruarekin subentzionatuko baita. Aipatu, Nafarroako Kutxaren bidez, iaz 70 bat lagunek eman ziotela babesa proiektu honi. Momentu honetan, zaharberritze lanak nahiko aitzineratuak daudela erran dute Udaletik, eta museo barrenean altzariak prestatzen ari direla: bitrinak, erakustegiak... Laster zabalduko dituzte Urdazubiko museo berriaren ateak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun