Ortziralean, urtarrilaren 11n, inauguratuko dute Urdazubiko plaza berria. Azken 30 urteetan frontoia egon den lekuan egin dute eta gisa honetan, protagonismo handiagoa ematen zaio urte horietan estali xamar egon den Salbatore monastegiari eta elizari eta orokorrean, Urdazubiko ondare historikoari. Orain, frontoia, monastegiaren gibeleko aldean eraiki dute. Honela plazak, autoek aparkatzeko eremua, autobusendako aparkalekua, oinezkoendako eremua zurezko estalkiarekin eta berdeguneak izanen ditu, bakoitzak bere zola motarekin. Jolasparkea hobetu da, zuhaixken bidez plazatik bereziz eta plaza osoan argiak paratu dira.
Urdazubiko Udalak 140.773,77 euroko gastua egin du lan honetan, baina % 64,22a Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak ordaindu du, Nafarroako Mendialdeko Turismo Dinamizazio Plangintzaren barrenean. Ingurua edertzeko 50.000 euroko bertze dirulaguntza bat ere eman du Nafarroako Mendialdeko Kalitate Batzordeak.
Ortziraleko inaugurazio ekitaldi ofiziala eguerdiko 12etan hasiko da eta Juan Ramon Corpas, Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria bertan izanen da, bertze zenbait agintarirekin batera. Plazaren bedeinkazioaren eta aurreskuaren ondotik, bazkaria eginen da. Urdazubiko udaletik jakinarazi dutenez, ortziraleko ekitaldi formalaren ondotik, herritar guziei irekia izanen den bertze inaugurazio besta bat ere egiteko asmoa dute.