Santiago Bideko aterpetxea ireki da Urdazubiko monastegian

TTIPI TTAPA 2008ko urtarrilaren 8a

Andres Diharasarri Urdazubiko allkatea eta Goio Hualde, lezeetako arduraduna, monastegiko klaustroaren lorategian. TTIPI TTAPA

Azaroaren 27an egin zen inaugurazio ekitaldia

Azaroaren 27an inauguratu zen Urdazubiko Monastegian Santiago bideko aterpetxe bat. “Baztango Santiago bidea” bezala ezagutzen den hau, Baionan hasten da eta Urdazubira sartzen da, ondotik Baztan guztia gurutzatuz Iruñeraino ailegatzen da eta han Orreagatik datorrenarekin bat egiten du. Orreagatik sartzen den bidea erromesez gainezka egoten denez, hoietatik parte bat hemendik sartzea da intentzioa, eta Nafarroako Gobernua horretan saiatuko dela adierazi du. Gaur egun bide hau gutxi erabiltzen da, bainan garai batean, jende franko ibiltzen omen zen, batez ere negu aldean, Ibañeta eta Somporteko mendateak elurtzen zirenean, eta hiru aterpetxe omen zituen. Gaur egun Urdazubikoarekin batera Amaiuren eta Lekarotzen ere badaude aterpetxeak, eta intentzioa da Ustaritzen, Lantzen eta Berroeta edo Almandotzen ere irekitzea.

Urdazubiko honek 20 ohe ditu, hiru dutxa eta lavabo, bi komun eta egon-gela bat. Egunero irekita egonen da eta gaua pasatzeak 5 euro gostako du. Arduradun bezala Mari Carmen Almandoz urdazubiarra izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun