Dantxarineako zeharbidea moldatzeko hitzarmena onartu du Nafarroako Gobernuak

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 21a

Urdazubiko Udalak urriaren 19ko batzarrean onartu zuen

Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak hitzarmena sinatuko du Urdazubiko udalarekin, Dantxarinea auzoan gurutzatzen duen zeharbidean moldaketa lanak egiteko. Lan hauek, N-121B errepidean Urdazubiko zeharbidean urbanizazio, zolaberritze eta sareen berritze lanen proiektuaren barnean daude.

Zeharbidean, Ainhoarekin lotzen duen azken zatia moldatuko da eta 3.092.406 euroko aurrekontua dauka. Nafarroako Gobernuak 1.027.071 euroko jarriko ditu, obran, proiektua idaztean eta obren zuzendaritzan laguntzeko.

Urdazubiko udalak, hitzarmena onartzea erabaki zuen urriaren 19an. Udalak, lanak egiteko behar diren ondasunak eta eskubideak eskuratu eta horrek ekarriko dituen gastuak ere Udalak ordaindu beharko ditu. Azpiegitura berri honen jabegoa, mantenimendua eta kontserbazio lanak ere Urdazubirenak izanen dira, etorkizunean saihesbidea egiten denean.

Sei errotonda

Jakina denez, Dantxarinean hainbat benta eta zerbitzu daude, bezero aunitz erakartzen dutenak. Honek zirkulazio arazoak sortzen ditu. Horregatik, proiektu honekin, Ainhoa alderako azken zatian trafikoa berriz ere arautuko da. Bidegurutzetan itzulia emateko aukera izanen da, horretarako sei errotonda eginen baitira, errepideari zabalera nahikoa emanez eta oinezkoendako espaloiak ere eraikiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun